Euskal Curriculumaren aldeko mugimendua egikaritzeko manifestua aurkeztu du EHBEk
Oihana LLORENTE |
Euskal Herria bere curriculum propioaren aplikazioaren «atarian» aurkitzen dela esan, eta «Euskal Curriculumaren aldeko mugimendua pizteko beharra» mahai-gaineratu zuen Euskal Herriak Bere Eskolak atzo Donostian egindako agerraldian. Gainera, helburu duten mugimendua egikaritzeko tresna ere aurkeztu zuten bertan: Euskal Curriculumaren aldeko manifestua.
Gaurtik hasi eta datorren martxoaren erdialdera arte indarrean izango den kanpainaren bidez, Euskal Herriko erreferentzia pedagogiko komuna «aldarrikatu, borrokatu eta eraiki» nahi du EHBEk, bertako eledun Edurne Larrañagak eta Aiora Filarmendik azaldu bezala.
10.000 atxikimendu, helburu
Aurkeztutako manifestua lau haizeetara zabaldu eta makina bat atxikimendu lortu nahi dituzte EHBEko kideek herriz herri egingo dituzten ekimenetan zein www.euskaleskola.org webgunearen bidez. Erronka handia jarri dute gainera, 10.000 atxikimendu eskuratzeko apustua egin baitute.
Aste hauetan zehar beraz, Euskal Curriculumaren aldeko dinamika gauzatzearekin batera, «inposatutako curriculum arrotzak baztertuko» dituztela ere jakinarazi zuten. «Eskubideen jabe baldin bagara, egunetik egunera eskubide hauen urraketa pairatzen dugula ere ozen esan behar dugu», adierazi zuen Larrañagak.
Hirugarren ikuspegi bat ere izango du EHBEren dinamika honek eta bertako eledunen arabera, «ikuspegi eraikitzailea» izango da hori. Curriculum propioa izateak, «Hezkuntza Sistema Nazionalaren bidean duen garrantzia» azaleratu nahi dute herriz herri eta ikastetxez ikastetxe.
Agerraldian, gogora ekarri zituzten Nazio Eztabaida Gunearen baitan adostutako Oinarrizko Hezkuntza Akordioak biltzen zituen eskubideak, «euskal herritar orok Euskal Herriko curriculum propioaren arabera hezteko eskubidea» duela jasotzen baitzen bertan. Filarmendik gogor arbuiatu zuen, ordea, eskubide honek pairatzen duen zapalketa, eta haren esanetan, egun Madrilek eta Parisek bideratzen dituzten curriculumen helburua «hiritar espainiar eta frantsesak sortzea» da.
Eskubidea izateaz gainera, belaunaldi berriak curriculum propio baten arabera heziak izateko «nahia» ere gurean badagoela sostengatu zuen EHBEko kideak, eta, horren lekuko, 2003. urtean Euskal Curriculuma sortzeko xedez abiatutako prozesua ekarri zuen gogora. Udalbiltza, Sortzen-Ikasbatuaz eta Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak hasitako ibilbideak, «Euskal Herriko historiako lehen erreferentzia pedagogiko komuna» ekarriko duela defendatu zuen Filarmendik. Gainera, Curriculuma osatzeko, aipatutako erakundeez gain, hezkuntza alorreko kideek eta herritarrek eurek ere parte hartu dutela nabarmendu zuen; «Ministerio batek egin beharrean herriak sortutako curriculuma da Euskal Curriculuma», aipatu zuen. Horiek horrela, «berau martxan jartzea ere herriari dagokiola» defendatu zuen.