GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Euskotren ligaren aurkezpena

Emakumezkoen lehen traineru ligak badu izena eta izana

Arraun munduak berdintasunerako bidean urratsak ematen segitzen du. Iaz lurralde txapelketetan eta Kontxako Banderan lehen aldiz parte hartu ondoren, aurtengo udan emakumezkoen lehen traineru liga jokatuko da. Traineru Kluben Elkarteak antolatuta eta Euskotrenek babestuta, Gipuzkoako, Bizkaiko, Kantabriako eta Galiziako selekzioek hartuko dute parte, uztaila eta abuztua bitartean, zortzi edo hamar estropadaz osatuta egongo den lehiaketa berrian.

p006_f01.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Zailena hastea izaten omen da. Halaxe dio esaerak, behintzat. Eta ideia hori arraun mundura ekarrita, gauza jakina da abiadura hartzea izaten dela zailena traineruan, txalupa martxan jartzea. Urte garrantzitsua izan zen iazkoa emakumezkoen arraunean traineruei dagokienez, erabakigarria seguru asko, eta iaz irekitako bidetik beste urrats handi bat iritsi da orain. Gipuzkoako, Bizkaiko eta Euskadiko txapelketak jokatu ziren lehenik, Kontxako Estropadetan Emakumezkoen Bandera etorri zen ondoren, 129 urteko historian lehen aldiz, eta aurtengo udan estreinakoz jokatuko den emakumezkoen Euskotren Ligak osatuko du hirukia. Berrikuntza asko oso denbora gutxian.

Lehiaketa berria Traineru Kluben Elkarteak (TKE) antolatuko du eta, erabat itxi gabe baldin badago ere, lau asteburutan banatutako zortzi estropada izango ditu. Lau taldek hartuko dute parte, edo hobeto esanda, lau selekziok: Gipuzkoa, Bizkaia, Kantabria eta Galizia. Estropadak gizonezkoen lehen txanda hasi baino ordu erdi lehenago jokatuko dituzte, eta puntuazio sistema ohikoa izango da: 4 puntu irabazlearentzat, 3 bigarrenarentzat, 2 hirugarrenarentzat eta 1 azken sailkatuarentzat. Estropadak ziaboga bakarrera jokatuko dira eta proba guztiak ETBk eskainiko ditu zuzenean.

Euskotren izango da emakumezkoen ligaren babesle nagusia eta, atzo aurkeztu zuten akordioaren arabera, 90.000 euro jarriko ditu urtero garraio enpresa publikoak datozen hiru denboraldietan. Gizonezkoetan gertatzen den moduan, liga irabazleak oraindik zehaztu gabe dagoen eskultura bat izango du sari, eta hura etxera eraman nahi duen taldeak hiru urtez segidan edota bost urte ezberdinetan irabazi beharko du lehiaketa. Gainera, ligako aurreneko postuan dagoen traineruaren patroiak Euskotren maillot urdina eraman beharko du jantzita.

Sariei dagokienez, berri pozgarrienetako bat estropada bakoitzean banatuko den diru kopurua izan da. Atzo jakinarazi zutenez, traineru irabazleak 3.285 euro jasoko ditu, gizonezkoen estropadetako kopuru bera. Eta, oro har hartuta, saritan banatuko den kopurua ere, 7.500 euro lau talderen artean, proportzioan gizonezkoen kopuru bera izango da -22.500 hamabi trainerurentzat-.

Lehiaketaren egitura zehaztuta baldin badago ere, oraindik azken erabakiak hartzea falta da, batez ere, egutegiari dagokionez. Iñaki Mikeo TKEko gerente eta prentsa arduradunak jakinarazi zuenez, bi estropada Galizian jokatuko dira eta, oraingoz, Getxo eta Zarautz dira Euskal Herrian emakumezkoen estropada antolatzeko eskakizuna egina dutenak. Baliteke Kantabrian ere estropadaren bat antolatzea, baina oraindik ez dago ziurtatuta. Egutegi ofiziala martxoan erabakiko da, gizonezkoenarekin batera.

Azkenik, eta aurrera begira, helburua selekzioak alde batera utzi eta traineru elkarteen arteko lehiaketa bat sortzea omen da. Horregatik, aurtengoa «hasiera» moduan ulertu behar da. Bien bitartean, federazio bakoitzak hautatzaile bat izendatu beharko du lurraldeko neskekin selekzio bat osatzeko.

Sekulako ikusmina

Baina kirol arloko xehetasunetatik harago, atzoko aurkezpenak arraun munduan oso ohikoa ez den kazetari mordoa bildu zuen Donostian. Euskotrenen babesle dela-eta, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak eta Nuria Lopez de Guereñu Lakuako Garraio sailburuak Donostiako hiriburura hurbiltzea erabaki zuten. Esan beharrik ez dago hauteskundeen hurbiltasunak kutsu berezia eman ziela bi politikarien adierazpenei eta komunikabideek haiei emandako erantzun oparoari.

Lopez de Guereñu izan zen hitza hartzen lehena, eta trenbide estuaren abantailak nabarmentzearekin batera, trenaren eta arraunaren arteko konparaketa egin zuen: «Kostaldeko trena deitzen diogun burdinbideak Hendaia eta Galizia lotzen ditu eta horrek zerikusi handia du gaur esku artean dugun gaiarekin. Trenak batu egiten du, bai pertsonak eta bai lekuak».

Ibarretxek, berriz, berdintasuneranzko bidean emandako urratsa nabarmendu zuen; bere hitzetan, emakume eta gizonen arteko berdintasuna baita «gure herriak XXI. menderako duen erronka handiena». Gainera, urrats hori arraun munduan, itsasoan, eman izana azpimarratu zuen, «emakumeek lan asko egin izan baitute, baina beti itzalpean». Gaineratu zuenez, beharrezkoa da «emakumeek ere gure historiako orrialdeak» idaztea, «baita itsaso munduan ere».

EUSKAL LIGA

Oraindik erabat zehaztu gabe egon arren, Euskal Liga bat ere antolatu nahi dute arraun elkarteek. Estropadak TKEko probarik ez dagoen asteburuetan jokatuko lirateke.

AURREKARIAK

Hainbat urtez emakumezkoen traineru estropada gutxi batzuk jokatu izan diren arren, iaz Zaragozan Gipuzkoa eta Bizkaiaren artean jokatutako desafioa, lurraldekako txapelketak eta Kontxako Bandera izan dira liga sortzea bultzatu dutenak.

ERREFERENTZIAK

Liga berria selekzioka jokatuko dela jakinda, zaila da erreferentziak aurkitzea. Gipuzkoa eta Bizkaiaren artekoa gipuzkoarrek irabazi zuten Zaragozan, eta Kontxan Galiziako selekzioa izan zen onena. Kantabrian, Astillero da elkarte ia bakarra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo