GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Iker Garcia Rodero Basauri

Basauri, 10 urte ametsak autogestionatzen

Badira 10 urte herriko gazte batzuk, herriko gazteriak zuen ideia falta eta gogo eza ikusita, gure bizitzen inguruan iniziatiba hartzeko beharra erakutsi nahi izan geniela, objektuak baino subjektuak ginela erakutsi behar genuen.

Hori dela-eta, eztabaida askoren ostean, gazte asanbladatik instituziokeriarik gabeko gune aske bat lortzeko beharra ikusita, gure utopia garatzeko lokal baten bila hasi ginen, bertan, nahi genuen aisia, nahi genuen antolakuntza, nahi genituen eztabaidak garatu ahal izateko.

Basauriko hainbat eraikin hutsetan saiatu eta gero, azkenean gure ideia errespetatzea lortu genuen. Instituzioek albo batera utzitako Arizko Ikastolaren eraikin hila okupatu genuen eta herriko zein inguruetako gazte askoren lan eta konpromisoari esker hilik zegoen eraikina biziberritu genuen. Gaur egun arte eta etorkizunean ere Basauriko Gaztetxea dena eta izango dena.

Gaur egun gure ordezkariak direla esaten duten agintariek arazo bat daukate; inolako arrazoirik gabe bertatik bota nahi gaituzte. Inolako eztabaidarik gabe, ezer azaldu gabe, eta eurekin hitz egitera Udalbatzara joan ginenean, euren Polizia bidaliz... Beldur diren sintoma, hitzaren, arrazoiaren beldur, azken hamar urte hauetan herri honek Gaztetxea behar duela argi utzi dugula onartzeko beldur.

Gaztetxeak gazteen parte-hartzearen eta antolakuntzaren gune bihurtzen direnean, euren erabakien eta funtzionamenduaren jabe direnean, udaletxeen diru eta ideietatik at daudenean; euren udal egitarauak arriskuan jartzen dituztenean, kontsumoan oinarritutako aisiaren alternatiba direnean, eraiste eta hustuketen jomuga dira.

Horregatik gazte askoren partaidetza eta antolakuntzaren eredu dira; hori dela-eta, gaztetxeak gazte elkartegintza eta partaidetzaren eredu diren heinean, hauen beharra ikusten dugu. Gaztetxeak autogestionaturiko guneak dira, eta edozeinentzat irekiak dituzte euren ateak, sexu, adin edo jatorria edozein izanik ere.

Gure herrian beharrezkoa dela argi utzi dugu, horregatik ez da bidezkoa bertan egiten den lanari (antzerkiak, eztabaidak, kontzertuak...) era bortitz batez erantzutea, hustuketan eta erasoetan bukatzen den indarkeriaz.

Hau guztia dela-eta, hurrengo zapatuan egingo dugun manifara etortzeko deia egin nahi dizuegu. Gaztetxetik arratsaldeko 18:30ean aterako da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo