«Auzi larria da hau, dagoeneko aurrekari bat markatu duelako»
Zigor Goikoetxea gazte bizkaitarra gaur epaituko dute Madrilen. Haren kontra, sei eta hamar urte bitarteko espetxe zigorra eskatzen dute. PPko zinegotzi bati mehatxu egitea leporatzen diote, nahiz eta bere kontra inolako frogarik ez duten, bakarrik zinegotzi horren hitza. Hori nahikoa da Euskal Herriko edozein gazte atxiki, kartzelan sartu eta epaitzeko, Alfontso Zenon abokatuak nabarmendu duenez.
Gari MUJIKA |
Bihar izango da Madrilen Zigor Goikoetxearen aurkako epaiketa. Sei eta hamar urteko espetxe zigorra eskatzen diote.
Bai. Hiru akusazio aurkitzen dira: fiskala, Marisa Arrue bera eta PP, akusazio partikular gisa. Arruek hamar urteko espetxe zigorra eskatzen du, eta gero, bigarren aukera gisa, sei urte. PPk sei, eta fiskalak ere sei urteko kartzela zigorra eskatzen dute.
Zergatik alde hori? Garai hartan delitu bakarra egozten zioten.
Bai, orduan «autoritatearen aurkako atentatua» erabili zuten. Baina kontua da, hamar urte eskatzeko Arruek «atentatu terrorista» artikulua erabiltzen duela. Eta bueno, horrekin hamar urteko zigorra ezartzen dute.
Auzia gogora ekartzearren, gertaerak iazko abuztuan izan ziren, ezta?
Iazko abuztuan izan zen, eta Marisa Arruek Auzitegi Nazionalean aurkeztutako salaketa batean oinarritzen dira. Hilaren 10ean Algortako San Lorenzoko merkatuan, gazte talde bat zegoela dio Arruek, tartean Zigor, eta Zigorrek zera esan omen zion: «En cinco años te vamos a matar». Mehatxu hori salatu zuen Madrilen. Hori dela-eta, abuztuaren amaieran Auzitegi Nazionalak deklaratzera deitu zuen Zigor. Bertaratu zen egun berean, atxilotu bezala kartzelan sartu zuten. Hurrengo egunean Arrueri deklarazioa hartu eta orduan prebentziozko espetxe neurria ezarri zioten Zigorri.
Eta auzia epaiketara iristeko, zertan oinarritzen dira?
Prozedura arruntetan polizien atestatuak eta horrelakoak izaten dira. Hemen ez dago ezer. Ez dago ez atestaturik, ez ezer. Arrueren salaketa baino ez dago. Gero, prozeduran, PPko beste bi zinegotzik deklaratu dute, baina ez dago ezer gehiago. Ez dago bideorik, ez dago argazkirik, ez dago lekukorik. Ez dago ezer. Euren hitza eta gure hitza; hori da epaiketan egongo dena.
Gertaerak testuinguruan jarriz, preso ohien eta preso politikoen aurkako neurriak areago gogortzen hasi ziren garai horretan. Mehatxuei dagokienez ere, Iñaki De Juana aitzakiatzat hartuta, neurriak gogortzeko borondatea azaldu zuten Madriletik. Zure iritziz, horrek ere eragin edo baldintzatu al du?
Abuztuaren 14an aurkeztu zuen Arruek salaketa Madrilen. Orduan kanpaina mediatiko bati ekin zioten. «El Mundo», esaterako, inolako lotsarik gabe Zigorren espetxeratzea eskatzen hasi zen. Mediatikoki, egunero ateratzen zuten haren aurkako zer edo zer, eta bera kartzelatzeko mezuak zabalduz. Gainera, Arkaitz Goikoetxearen anaia dela nabarmenduz. Eta horrela, zitatu egin zuten, eta kartzelatu. Eta Arrue Madrilera joatean, Basagoitirekin ateratzen zen; hau da, argazkia ateratzen zuten eta kanpaina politikoa egiteko baliatu zituzten.
Zazpi hilabete igaro dira Zigor Goikoetxea espetxean dagoenetik, baina ordurako jakina zen osasun arazoak zituena. Espetxean, gainera, konortea galtzeraino iritsi zen. Normala al da egoera hori mantentzea, nahiz eta prebentibo gisa egon?
Normala, normala, ez du izan behar, baina halako kasuak badaude. Askatzeko eskatu dugu, baina ezetz esan zuten. Apelazioan, urrian, epaimahaiak ere ezetz esan zuen. Aste honetan beste eskaera bat aurkezteko asmoa dugu.
Eta epaiketa horren tarte gutxian izatea? Hori ere normala al da?
Alde batetik ez da normala, eta bestetik, bai, bada. Normala da instrukzioan ez daukatelako beste ezer egiterik. Salaketa bat da. Salatuari deklarazioa hartu diote, Zigorrek gezurtatu egiten du. Zer gehiago egingo dute! Ez dago beste eginbiderik edo bete beharreko beste urratsik. Inon ez dago atestaturik egin duen poliziarik, beraz, epaiketa da egin daitekeen bakarra.
Uste izatekoa da zeuek ere salatuko zenutela garai hartan. Izan ere, bada aurrekari bat, 2005eko abenduan jazotako gertaera batzuen inguruan, hauek ere Algortan, eta era berean Arruek salatu zituena. Epaiketa eguna iritsi zenean, Arruek ez zuen jakin izan berak akusatutakoak identifikatzen, eta, aldiz, ertzain bat seinalatu zuen. Ondorioz, absolbituak izan ziren. Orduan ez zioten sinesgarritasunik eman Arrueri, baina orain, antzeko gertaeran, ehuneko ehunekoa eman dio Auzitegi Nazionalak.
Bai. Baina PPkoek badakite non egiten dituzten gauzak. Salaketa hori jar zezaketen Getxon, baina ez! Madrilera joan, eta Auzitegi Nazionalean aurkeztu zuen. Fiskalak bat egin zuen PPren estrategia horrekin eta aurrera jo zuen, kartzela eskatuz Zigorrentzat. Hau, munduko beste herri batean, falta epaiketa bat izango zen, askoz jota. Baina kontua da, salatua nor den: Arkaitz Goikoetxearen anaia; non izan den: Algortan; eta nor den salaketa jartzen duena, eta non, Auzitegi Nazionalean. Horren guztiaren emaitza da «delito de terrorismo». Guztiz neurriz kanpokoa. Ez dauka nondik hartu.
Eta defentsak nondik joko du?
Bada, gezurra dela salatzera. Eta nahiago dut ez aurreratu, bestela eurak ere jakingo baitute.
Baina, nola ikusten duzu?
Kontua da, haren hitza gure hitzaren aurka izango dela auzian. Orduan, nire beldurra da, Auzitegi Nazionalean izanda, jakinik juridikoki zein irizpide erabiltzen dituen, hau da, irizpide politikoak, orduan nori egingo diote kasu? Nori sinestuko diote Auzitegi Nazionalean? Epaileek erabakiko dute eta azkenean hori izango da.
Kontu nahiko larria da, dagoeneko aurrekari bat markatu duelako. Orain PPko edozeinek Euskal Herriko gazte bat salatzen badu, automatikoki kartzelara joateko arriskua dauka. Bere hitzarekin bakarrik. Eta ez dute beste frogarik behar. Zuk ezetz, baina kartzelara. Horrek, ustezko demokrazia batean, ez luke inolaz ere horrela izan behar.