GARA > Idatzia > Kirolak > Arrauna

TKE San Miguel Liga

Cabo da Cruzen hutsa dela-eta, Arkote onenekin lehiatuko da

Boirokoak TKE Ligaren sorreran izan ziren, baina beren lekuari uko egin diote.

P038_F01_97X136.jpg

GARA | BILBO

Tristea da, baina norbaiten hutsak beste baten poza ekar lezake. Hala gertatu da Cabo da Cruz eta Arkoteren artean ere, galiziarren hutsa dela-eta, traineru bizkaitarrak 2009ko TKE San Miguel Ligan lekua izango baitu.

Galiziarrek utziko duten hutsunea Arkotek beteko du. «Plentzitarrak» hirugarren bukatu zuen jaitsiera play-offean eta berez ARC-1ean aritu behar zen arren, San Miguel Ligan txokoa aurkitu du oraingoan ere. Ondorioz, ez da harritzekoa Javier Sorozabal, Arkoteko presidentea, pozarren izatea atzo.

«Guretzat pozik eta harro egoteko modukoa da TKE Ligan beste urtebetez aritu ahal izatea, alde ikaragarria baita, batez ere hedabideen bitartez ematen zaion oihartzunagatik, San Miguel Ligan edo ARC-1 Ligan aritzea. Ikusten genuen azken orduko hutsegiteren bat izan zitekeela. Orain, bada, eskaini diguten bigarren aukera hau aprobetxatzea dagokigu, eta gure kabuz ligan mantentzeko moduko taldea osatu behar dugu», esan zuen.

Txanponaren beste aldea

Cabo da Cruz, normala den moduan, txanponaren beste aldea zen. Galiziarrak TKE Ligako sortzaileetako bat izan dira eta beti eutsi dute beren trainerua mailarik gorenean. Esaterako, iaz bederatzigarren postuan amaitu zuten. Alabaina, Cabo da Cruzek San Miguel Ligan zegokion plazari uko egitea erabaki du azken unean, hain liga luzeari ekiteko beharrezko taldea osatu ezinik baitago. Horren ordez, Galiziar Ligan parte hartzea deliberatu dute.

«Denboraldiari behar bezala ekiteko adina jende ezin izan dugu bildu. Ondorioz, erabaki gogorra izan arren, gure lekuari uko egitea erabaki dugu», adierazi zuen Mario Vidal, talde galiziarreko presidenteak.

«Kolpe oso gogorra izan da denontzat -zuzendariak, arraunlariak, zaleak...- erabaki hau hartu beharra, urte askotako lana bertan behera uztea baitakar», aitortu zuen Vidalek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo