PALA
Maila bertsuko lau bikote neurtuko dira bihartik aurrera II. Naturgas Torneoan
A.A. | DONOSTIA
Buruz Buruko eta Binakako Txapelketa nagusiak amaitu ostean, pala profesionalak bere ibilbidean jarraituko du urtarrilaren azken txanpa honetan. Izan ere, goi mailako lau bikotek parte hartuko dute bihar hasi eta datorren urtarrilaren 31n amaituko den II. Naturgas Torneoan.
Ziskar II.a-Galan, Urkijo-Imanol, Gaubeka-Beldarrain eta Fusto-Ayerbe bikoteek elkarren aurka jokatu beharko dute ligaxka bakar baten barruan eta bi bikote onenek jokatuko dute finala. Esan bezala, finala urtarrilaren 31n jokatuko dute Bilboko Deportivo pilotalekuan eta ETBk zuzenean eskainiko du.
Bihar bertan jokatuko da lehiaketaren lehen jardunaldia eta bi norgehiagokak honako hauek izango dira: Fusto-Ayerbe / Ziskar II.a-Galan eta Gaubeka-Beldarrain / Urkijo-Imanol. Jaialdia 17.15ean hasiko da Bilboko pilotaleku zaharrean. Ligaxkaren hurrengo bi jardunaldiak, bina partidarekin, urtarrilak 24 larunbatean eta urtarrilak 29 ostegunean helduko dira finala jokatu aurretik.
Partida guztiak 45 tantora jokatuko dituzte eta Asfedebiko intendentziak erabakiko du zer material mota erabili neurketa bakoitzean. Sakatzeko koadroa erabakitzea ere intendentziaren esku geldituko da norgehiagoka bakoitzean.
Faboritoei begira jarrita, ez da erraza bikote bakar bat aukeratzea. Munduko Txapelketan ongien aritu ziren pilotariak bananduta ipini dituzte. Buruz Buruko txapelduna den Gaubekak Beldarrain izango du atzelari eta Fusto Binakako aurrelari txapeldunak, berriz, Ayerbe.