GARA > Idatzia > Kirolak > Futbola

Merkatua Sei partida baino ez dizkio zuzendu Bartzelonako taldeari

Espanyolek kargutik kendu du Mane eta Pochettinok ordezkatuko du bizkaitarra

GARA | BARTZELONA

Uste eta nahi baino askoz motzagoa izan da Mane eta bere laguntzailea den Angel Garitano «Ondarru»k Espanyolen entrenatzaile gisa emandako etapa, izan ere, Bartzelonako taldea sei partidatan zuzendu ostean, kargutik kendu baitu zuzendaritza kontseiluak.

Azaroan fitxatu zuten Balmasedakoa «periquitoek», ordura arte lehen taldearen ardura eraman zuen Tintin Marquezen ordezko gisa, baina emaitza txarrak -hiru puntu eskuratu dituzte azken sei jardunaldietan- eta zuzendaritza kontseiluko ordezkari askorekin izandako tirabirak izan dira kaleratze honen arrazoi nagusiak.

Jaitsiera postuetako taldeek baino puntu bat gehiago zuela hartu zuen taldea Alaves eta Athleticeko entrenatzaile ohiak, baina gaur egun salbaziotik bost postura aurkitzen da. Azken jardunaldian Espanyolek Malagan jaso zuen porrota (4-0) izan da erabakia gauzatzeko aitzakia.

Bien bitartean, Daniel Sanchez Llibrek zuzentzen duen taldeak ez du denborarik galdu haren ordezkoa bilatzen eta atzo bertan aurkeztu zuten denboraldiko hirugarren entrenatzailea; Mauricio Pochettino jokalari ohi argentinarra.

Arrisku handiko erabakia

Arrisku handiko erabakia hartu du zuzendaritzak erabaki honekin, izan ere, Espanyoleko atzelaria izandakoak Tamudo eta De la Peña bezalako jokalariekin oso harreman ona duen arren, sekula ez du goi mailako talde bat zuzendu. Debuta ere ez du xamurra izango, Bartzelonaren aurka izango baita Kopan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo