Euskara, krisiak eta nafar Gobernuak kolpatua
Duela zenbait egun Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideen laguntza %96 murriztu zuela albiste izan zen. Aurten 40 hedabide euskaldun eta elebidunek 9.567 euro izango dituzte denen artean banatzeko. Ez da kontu korapilatsurik egin behar Nafarroan euskararen normalizazioaren bidean oztopo nabarmena dela sumatzeko. Murrizketa horrek ondorio zuzen eta berehalakoak izango ditu. Gaur GARAk eskaintzen duen erreportajeak Nafarroako zenbait hedabideren egoeraren berri ematen du. Beren lana egiten jarraitzeko zailtasunen artean, hainbat lanpostu arriskuan egotea da larrienetako bat. Dagoeneko gauza segurua da haietako zenbait desagertuko direla. Baztan-Bidasoako Tippi-ttapa Te- lebistak, esaterako, ixteko erabakia hartu behar izan du. Esanguratsua da dirulaguntzen murrizketak daudenean, kaltetu nagusia euskara izatea. Oraingoan krisiaren ondorio omen dira euskararentzako aurrekontu eskas horiek, baina hedabide guztiek ez dute berdin nabaritu murrizketa. Gobernuko alderdien eta PSNren irizpidea, ordea, erraza da: euskaraz lan egiten duenak ez du gaztelaniaz egiten duenak adinako babesa merezi. Nolanahi ere, krisirik ez dagoela ere euskarazko hedabideek laguntzak baino zangotraba gehiago jaso izan dituzte nafar Gobernutik, hala nola lizentziak ukatzea.