Utz al daiteke euskararen geroa irizpiderik gabeko neurri batzuen esku?
Hizkuntza Politikarako Sailak 53.614.320 euro emango ditu 2009an «euskararen erabilera sustatzeko». Horietatik 13 milioi «laguntza irekiak» izango dira; alegia, proiektuak aurkeztu eta ezarri dituzten arauak betez gero jasoko dira. Zehaztuta al daude ordea, arauak ezartzeko irizpideak?
Janire ARRONDO
Lakuako Hizkuntza Politikarako Sailak «euskararen erabilera indartu eta normalizaziorako ekimenak bultzatzeko asmoz» 2009rako 13 milioi euroko aurrekontua bideratzea erabaki du. Iaztik %4,1ekoa izan da laguntzen igoera, baina 2005. urtetik %61 handitu dira. Beraz, aurtengo laguntzen igoera apala izan da.
Patxi Baztarrika sailburuaren hitzetan, euskararen erabilera indartzeko, «adostasun sozio-politikoa, gizartearen euskararekiko atxikimendua eta elkarlana erabakigarriak dira».
Laguntza horiek bost sailetan banaturik egongo dira: Euskalgintza, Hedabideak, IKT Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak, EBPN Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia eta Lanhitz, lan eremuetan euskara sustatzeko planak.
Diru laguntzen zatirik handiena hedabideen artean banatuko dute, guztira 5.725.000 euro, iaz baino 150.000 gehiago. Informazio eta Komunikazio Teknologientzat edo Interneten eta softwaregintzan euskararen presentzia indartzeko, berriz, 1.626.000 euroko diru laguntzak emango dituzte, iaz baino 74.000 gutxiago. Udaletan edo udal erakundeetan Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak garatzeko, bestetik, iazko diru kopuru bera bideratuko da 2009an, 1.700.000 euro. Azkenik, arlo sozioekonomikoan eta lan munduan euskararen erabilera sustatzeko, aurten, 20.000 euro gehiago emango dituzte, denera 2.710.000 euro.
Horiez gain, Hizkuntza Politikarako Sailak, hainbat hitzarmen direla-medio, 4.455.000 euro banatuko dizkie beste hainbat erakunderi. HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako erakundeak bestalde, beste 35.458.821 euro banatuko dizkie euskaltegi publiko zein pribatuei. Beraz, diru laguntza ireki eta hitzartutakoen artean, guztira 53.614.320 banatuko dira.
Bete beharreko neurriak
Euskararen erabilera sustatzeko proiektuak edo horretan lan egiten duten elkarteak diruz lagunduko dituzte laguntza hauen bidez. Horretarako, 2009an gauzatuko diren proiektuak aurkeztu beharko dira. Hizkuntza Politikarako Sailaren arabera, aurkeztutako proiektuak diru laguntza horiek jasotzeko modukoak izateko hainbat arau bete beharko dituzte. Ondoren, modalitate bakoitzeko proiektuak baloratzeko sortuko den talde batek bere iritzia emango du. Azkenean, sei hilabeteko epean Hizkuntza Politikarako sailburuordeak emango du erabakiaren berri.
Laguntzak jasotzeko bete beharreko neurrien artean daude proiektuaren txosten zehatza aurkeztea, eskatutako informazio guztia ematea, bai eta «euskara zuzentasunez, jatortasunez eta egokitasunez» erabiltzea, horretarako Euskaltzaindiaren arau eta gomendioak kontuan hartuz.
Hainbat berrikuntza aurki daitezke bete beharreko neurrien artean; horien artean, «giza eskubideak eta pertsonen arteko elkarbizitza arauak errespetatzea» beharrezkoa izango da. Ondorioz, arauen arabera, «ikur edo elementu iraingarriak erabiltzen dituzten proiektuak edo indarkeria zuritzen dutenek» ez dute laguntzarik jasoko. Horrez gain, beharrezkoa izango da «informazio eta adierazpen askatasuna errespetatzea, hainbat talde politiko, sozial edo kulturalen presentzia bermatuz».
Diru laguntzen ordenamenduan ordea, ez du zehazten zein irizpide erabiliko diren ikur «iraingarriak» zeintzuk diren eta zeintzuk ez, edo adierazpen askatasuna nork errespetatzen duen edo nork ez erabakitzeko. Patxi Baztarrika sailburuak gainera, ez du argibiderik eman nahi izan, GARA behin baino gehiagotan saiatu arren berarekin harremanetan jartzen.
Ildo beretik, Topaguneko Iker Martinez de Lagosen hitzetan, «zehaztasun falta dute neurri horiek». «Aipamen orokorrak dira eta zaila da nola aplikatuko diren jakitea, gainera, kasuren batean eraginik izango balute, zehaztasun falta horrek ez luke batere lagunduko objektibotasunez epaitzen».
AEK-ko Igor Elorduiren hitzetan, berriz, «beste bide batzuetatik bazen ere, horrelako neurriak jartzen zituzten lehenago ere». Orain ordea, laguntzak eskatu ahal izateko bete beharko dira neurri horiek, eta «orain arte ez dugu inolako arazorik izan laguntzak jasotzerakoan, eta espero dugu hemendik aurrera ere ez dela ezer gertatuko», adierazi du Elorduik.
Bete beharreko neurrien artean daude bestetik, «lengoaia sexista» ez erabiltzearena edota edozein euskarritan Hizkuntza Politikarako Sailaren babesaren berri ematea, besteak beste.
Teknologien arloan, murrizketa
Informazio eta Komunikazio Teknologietan eta bereziki, Interneten eta softwaregintzan, euskararen presentzia bermatzea lortzeko laguntzak murriztu egin dituzte aurtengo aurrekontuetan. Aurten, 1.626.000 euro emango dituzte alor horretarako, iaz baino 74.000 euro gutxiago.
Librezale, euskara informatika alorrean sustatzeko helburuarekin lanean diharduen lan talde bat da, eta bere sorreratik «autokudeaketaren» aldekoa izan da. Gaur egun, bizitzako edozein alorretan erabiltzen ditugu Informazio eta Komunikazio Teknologiak. Librezalekoek teknologietarako Software Librearen erabileraren defentsa egiten dute «hizkuntzetara moldatzeko aukera eskaintzen baitu». Julen Ruiz Librezale taldeko kidea da eta, bere hitzetan, Lakuako Gobernuak softwarea euskaratzeko egindako hainbat saiakera «antzuak» izan dira. Horren adibide dira, «Microsoftekin akordioak lortu eta egin zituen alferrikako hainbat inbertsio». Horregatik, beharrezko ikusten du «software librearen erabilera zabaltzea, euskararen geroa bermatuko bada».
Ibon Igartua taldeko kidearen esanetan, hainbat proiektutarako ez dute inongo diru laguntzarik jasotzen, baina, «beste proiektu batzuek, GNOME-k edo OpenOffice.org-ek kasu, zailtasunak izan ditzakete».