AHTren aurkako mugimendua jipoitzea eta kriminalizatzea, Lakuaren demokrazia senaren isla
Gobernu batek erabaki bat hartzeak ez du esan nahi herritarrak erabaki horrekin bat datozenik, ezta bat etorri behar dutenik ere. Hortaz, gobernu batek, lauzpabost urtean behin egiten diren bozketetan boz gehien lortzetik harago, demokratikoa bada, herritarren kritikak eta protestak onartu behar ditu. Are gehiago, demokratikoa balitz, herritar gehienen nahia denean, atzera egiteko aukera ere onartu beharko luke. Ez da Lakuako Gobernuaren kasua, eta argi erakutsi du hori AHTren proiektuaren gaineko informazioa ezkutatuz eta eztabaida ostuz, eta ondoren herritarren protesta baketsuak Ertzaintzaren neurriz kanpoko bortxaz isilarazi nahian. Argi utzi zuen Urbinan joan den larunbatean; horregatik AHT Gelditu! Elkarlanak gogor salatu zuen atzo, gertatutakoaren lekukotasun gehiago aurkeztuta, eta Lakuako Herrizaingo Sailaren jokaera ere nabarmenduta, AHT inposatzeko asmoa ez ezik, haren kontra agertzen direnak kriminalizatzekoa ere baduela erakutsi baitu. Baina Lakuako Gobernuaren sen demokratikoaren arabera, hauteskundeetan boz gehien biltzen dituenak erabakitakoak herritarren onerako izan behar du nahitaez, are herritarren borondatearen kontra ere.