GARA > Idatzia > > Kultura

Ikus-entzuleek hartuko dute hitza, larunbatean ospatuko den 40. Bertso Egunean

Bertso Egunaren 40. edizioa larunbat honetan ospatuko da Donostian. «Joan-etorrian» lelopean, publikoak izango du aurten protagonismoa. Bertsozale Elkarteak jendeak bertsotarako gaiak proposa ditzan deialdia egin du. Bihar arte, edonork du larunbatean Kursaalen egingo den ekitaldian parte hartuko duten sei bertsolariei gaia jartzeko aukera.

p047_f01_203X108.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

«Joan-etorrian» leloarekin publikoari keinu egin nahi izan dio Bertsozale Elkarteak, eta publikoa bera izango da larunbat honetan ospatuko den 40. Bertso Egunaren abiapuntua. «Bertsoa komunikazioa den heinean, publikoa agente aktiboa da bertso-ekitaldian», adierazi zuen elkarteko kide Jon Agirresarobek, atzo egindako aurkezpenean. «Gaia edo bertsoa entzun osteko erreakzioak -isiltasuna, txaloa, keinua, algara- eragina du bertsoaldian. Publikoak sormen prozesua baldintzatzen du, estimuluak edo mugak jar ditzake».

Horrexegatik, bertsolaritzaren joan-etorri edo «feedback» hori biderkatzeko asmoz, bira bat eman eta entzuleek erabakiko dute bertsolariek zeri buruz kantatuko duten. «Aspaldidanik darabilgun kontua da, bai elkartean bai bertsolarien artean, publikoak zer nahiko duen jakinmin hori. Modu honetan, bertso saioa aberastu egingo dela uste dugu eta publikoa bera ere, sormen prozesuak dituen zailtasunez jabetzeko balioko du», azaldu zuen Agirresarobek.

Bihar izango da gaiak edo ideiak aurkezteko azken eguna. Ez du gai landua izan beharrik, gai-jartzaile taldeak ideiak jaso, aukeratu eta forma emango baitiote. Posta arruntez bidaltzeko denborarik ez dagoenez, beste bi bide daude Bertsozale elkartearekin harremanetan jartzeko: 685 728 518 telefonora deitu edo SMS bat bidali, edo sustapena@bertsozale.com helbidera idatzi.

Bulebarretik Kursaalera

Eguerdiko hamabietan «kaleko bertsolariek» emango diote hasiera egunari. Aitor Mendiluze, Iker Alustiza, Unai Agirre, Unai Gaztelumendi, Ander Lizarralde, J.J. Zubieta Etxabe, Beñat Gaztelumendi, Iñaki Viñaspre, Arkaitz Oiartzabal Xamoa eta Iratxe Ibarra Donostiako Bulebarrean ibiliko dira kantari. «Alde Zaharretik saltoa egingo dugu ezohiko toki batera, Bulebarrera. Bertsolariek zapata-soinua izango dute lagun, joan-etorrian dabilen publikoarena, alegia».

Arratsaldeko seietan hasiko da Kursaalen ekitaldi nagusia. Sustrai Colina, Jon Maia, Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña arituko dira kantuan, Saroi Jauregik aurkeztutako saioan. Esan bezala, entzuleek aurrez jarritako gaiei erantzun beharko diete sei bertsolariek. Kalean ez bezala, ekitaldi honetarako sarrera mugatua izango da. Aretoak 1.700 pertsonentzako lekua dauka, eta dagoeneko bostehun sarrera inguru baino ez dira geratzen.

Saio nagusiaren ostean, azken urteotako ohiturari jarraiki, afaria eta festa izango da Martin Berasategi Kursaal jatetxean. Julio Soto, Beñat Ugartetxea, Amets Arzallus, Ortzi Oiartzabal, Arkaitz Estiballes, Iker Zubeldia, Xabier Amuriza eta Josu Zabalak bertsoa eta musika uztartuko dituzte egunari amaiera biribila emateko. Jende faltarik ez da izango, txartel guztiak agortuak baitira dagoeneko.

Berrogei urtez bertsotan

1968an hasi zen antolatzen gaur Bertso Eguna izenaz ezagutzen dugun ekitaldia. Donostiako San Sebastian jai egitarauaren barruan bertso ekitaldi berezi bat antolatzea pentsatu zuen KTE erakundeak, eta orduko txapelduna, Manuel Olaizola Uztapide omendu zen. Arrakasta ikusita, urtez urte bertsolari bat omentzeko eguna izan zen urte askotan. Xalbador, Baserri, Lazkao Txiki edo Egileor izan ziren besteak beste omenduen artean.

Aldaketa nagusia 1995ean etorri zen, Bertsolari Eguna Bertso Eguna izatera pasatu zenean. Ordura arte igandetan ospatutako eguna larunbatera aurreratu eta garaiko bertsogintzaren aldaketak islatzea, esperimentatzea eta kanpoko esperientziak ezagutzea izan dira geroztik helburuak. 1996an esaterako, Alpujarretako troberoak, Balear Uharteetako glosadoreak eta Kubako decimista izan ziren. Bertso-trama, bertsolarien kokapena eta espazioaren banaketa ezberdinak, atzera begiradak eta magia izan dira azken urtetan jorratutako arloak. Iaz, barra-kode baten moduan agertu ziren bertsolariak.

EGUN BiRiBILA

Eguerdiko hamabietatik aurrera, «kaleko bertsolariak» Donostiako bulebarrean arituko dira kantari. Ekitaldi nagusia 18.00etan hasiko da Kursaalen, eta ondoren afaria izango da Martin Berasategiren jatetxean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo