GARA > Idatzia > > Kultura

Planetak eta itsasoa OSEren familia kontzertuetako protagonista izango dira

GARA | DONOSTIA

Zerua eta lurra, itsasoa eta eguzki sistema dira Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (OSE) haur eta gazteentzako eskainiko dituen emanaldien ardatza. Horrela, programatu duen Familia zikloan lau lan eskainiko dituzte kontzertuan: «Harpa sekretuak», «Ur handietako notak», «TikTakTok» eta «Planeten Soinua». Ekimen hau larunbat honetan, urtarrilaren 24an, hasiko da Donostiako Kursaalen izango den kontzertuarekin.

«Errepertorio ikusgarria osatzen duen musikaren bitartez, zuzenean abiatuko gara Merkuriorantz, eguzki sisteman barrena egingo dugun bidaian lehenbiziko geraldia alegia, eta ondoren itsas sakonetan murgildu eta itsasoaren eta bertako biztanleen `soinua' entzungo dugu», deskribatu dute OSEko arduradunek.

OSEk ohi duenaren arabera, nahiz eta haur eta gazteentzat egin diren proposamenak izan, kalitatearen aldeko apustu finkoari eusten diote. Horren erakusgarri izango dira harpari eskainitako kontzertu bat, haurtxoentzako kontzertu bat eta bi proposamen sinfoniko.

Hori guztia txikienei modu ludiko, baina adimentsu, bizi eta alai batean aurkeztu nahi diotela esan dute, betiere planteamenduetan serio mantenduz. Emanaldien azkeneko helburua musika hizkuntzaren poetika hurbiltzea da, «betiere ikastetxeetan eta familiartean egiten den zeregin hezitzailean lagunduz», zehaztu dute.

«Harpa Sekretuak» lana Kursaaleko ganbera aretoan izango da larunbatean. Horren ondoren, otsailaren 28ra arte itxaron beharko da «Planeten soinua» ikusi ahal izateko. Hiletik hilera, martxoaren 28rako jarri dute hurrengo hitzordua, baina honakoan Orkestraren Miramongo egoitzan eskainiko dute «Tik. Tak. Tok». Azken kontzertua, bestalde, apirilaren 25ean egingo dela iragarri dute, Kursaaleko auditoriumean «Ur handietako notak» interpretatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo