Estudiantesen aurkako olatu bera topatu nahian Menorcan
Taldekide ohien aurrean, Markotak bere gaitasuna erakusteko parada izango du. Asteko bi partidak irabazi behar dituzte zortzigarren postua urrundu ez dadin.
Arnaitz GORRITI | BILBO
Kontxako estropada bailitzan, aurreneko itzuliaren amaierako ziaboga eman ostean, helmugara bidean, poparian sartu da ACB Liga erregularra. Bada, ezin hobeto ekin zion txanpa horri Iurbentia Bilbao Basketek joan den igandean, MMT Estudiantesen aurka egundoko olatua harrapatu baitzuen, talde madrildarra airean pasatuz.
Alabaina, baga punta ona hartzea amaitzen denean, olatu artean, «zuloan», erortzeko arriskua izan ohi da, eta horixe da Txus Vidorreta patroiaren mutilek -hainbeste jardunalditan beren zulo propioan murgilduta egon direnak, hain zuzen- saihestu behar dutena. Ondorioz, Mediterraneo itsasoan, ViveMenorcaren kantxa zailean, La Casillan topatu zutenaren antzeko olatua bilatu beharko dute beltzezko gizonek gaur gaueko 21.00etatik aurrera.
Bizkaitarren azken helburua ligako zortzigarren postua eskuratzea da. Aste honetan bi neurketa jokatuko dituztela kontuan hartuta -gaur bata, igandean bigarrena-, irabazi ezean, Manresak, Fuenlabradak eta Granadak ihes egingo diote talde bilbotarrari.
Markota, taldekide ohien aurrean
Neurketa arriskutsua izango da gaur gauekoa talde bientzat. Nahiko ongi ezagutzen dute elkar Ricard Casa eta Txus Vidorreta entrenatzaileek eta horrexegatik, ez da erraza partida nondik hautsiko den asmatzea.
Arrisku hori igarrita, Vidorretak aurkariarekiko «errespetua» eskatu zuen. «Estudiantesen aurka defentsa erasokorra egin genuen eta ongi atera zen. Egindako akatsak zuzendu eta bide horretatik jarraitu behar dugu, beti ere ViveMenorca eta bere kantxari errespetua erakutsiz».
La Casillan Seibutisen eta Blumsen lanari esker erabaki zen dema bizkaitarren alde. Gaur, berriz, barruko jokotik apurtu liteke. ViveMenorcak Eley, Fernandez, Boisa eta Otegi ditu taulapean, baita Markota ere oraintsu arte. Alabaina,ez zuen jokatzeko ia aukerarik izan eta, hala, kroaziarrak gaur izango du taldekide ohiei bere gaitasuna erakusteko parada.
Pasalic ere izango da, nahiz eta, apendizitia zuelakoan, Bilbon geratu zen atzo goizean.
Pasalic Bilbon geratu zen atzo, apendizitia zuelakoan. Ondorioz, Weis eraman zuen Bilbao Basketek Menorcara. Alabaina, Pasalicek apendizitirik ez zuela ikusteaz bat, bere kautan bidaia egin zuen eta neurketan izanen da.
Gaur gauean, kantxara atera eta ehungarren neurketa jokatuko du Lucas Reckerrek ACB Ligan. Gironan egin zuen debuta estatubatuarrak, eta 21 neurketatan aritu zen kataluniarrekin. Gainerako 78 partidak bilbotarrekin egin ditu.