Athletic Kopari begira
Aitzakiarik ez, Sportingen aurkako lehiari begira
Zuri-gorriek baikortasunez ikusten dute biharko neurketa, eta San Mameseko emaitza ez ei da hain txarra, atea hutsean mantendu baitzuten. Koikili eta Balenziagaren artean dago Caparrosen zalantza bakarra.
Arnaitz GORRITI | BILBO
Aitzakiarik ez du izango Athleticek bihar Sportingen aurka jokatuko duen Kopako partidan. Almeriaren aurka ez zuen nahi bezalako emaitzarik erdietsi, baina jokalari titularrek atsedena hartzeko balio izan zuten bederen Joaquin Caparros entrenatzailearen aldaketek. Azken boladako emaitza onak lortu dituzten jokalariak sasoi betean izango dira bihar eta, hori dela-eta, Almeriaren aurka galtzeak ohi baino min gutxiago eragin du zuri-gorrien artean.
Hala, minutu gutxi izan dituzten jokalariek izan zuten jokatzeko aukera; Ustaritz Aldekoaotalorak, esaterako. Nahiz eta azken emaitza txarra izan, Abadiñoko atzelariaren aburuz, «aldaketa asko egin genituen eta aurreneko zatian partida kontra jarri bazitzaigun ere, bigarren zatian berdinketa lortzeko aukera izan genuen. Azken batean, gehien jokatzen ari diren horiei atsedenerako tartea ematea zen helburua, Kopako itzulerako partidarako fisikoki hobeto egon daitezen. Minutuak pilatu egiten dira denboraldiaren sasoi honetan eta errotazioak nahitaezkoak dira».
«Bagenekien, bestalde, aspaldian generaman bolada on hori noizbait hautsi egingo zela, eta, tira, igandean hautsi zen. Nolanahi ere, Kopari begira ez du inolako eraginik izan behar», esan zuen.
Arazo fisikorik gabe
Aspaldion lesioak direla-eta arazo ugari izan baditu ere, Ustaritzek azken bi neurketak jarraian eta arazorik gabe jokatu ahal izan dituelako gustura azaldu zen bizkaitarra.
«Neurketak arazorik gabe bukatu ahal izatea niretzat oso garrantzitsua da. Espero dut gainera, minutu kopuruak gora egin ahala, zelaian hobeto sentituko naizela eta horrek ere aurrera begira garrantzia du».
Sportingen aurkako kanporaketari buruz galdetuta, berriz, Abadiñoko jokalaria baikor mintzatu zen, aurrera egiteko itxaropentsu. San Mameseko partidako berdinketa «nahiko positibotzat» ere jo zuen.
«Joaneko emaitza nahiko positiboa da guretzat. Ez da ahaztu behar ez zela irabazterik izan, berdinketa lortu genuela, baina behintzat atea hutsean mantendu genuen. Beraz, bana berdinduta ere guretzat nahikoa izango litzateke. Egia da, hala ere, kanporaketako itzuliko neurketa oso gogorra izan dela, baina aurrera egiteko itxaropentsu joango gara. Kopa beste lehiaketa modu bat da eta aurrera eginez gero, finalaren atarian jarriko ginateke. Horrek, noski, jendea asko motibatzen du», adierazi zuen.
Ion Velez ere baikor
Final-laurdenetako itzulerako neurketari begira zalantza bakarra dago Athleticen: ezker hegaleko atzelaria zein izango den, alegia. Hautagaiak Mikel Balenziaga eta Koikili Lertxundi dira, eta ez da azken ordura arte jakingo zein izango den hasierako hamaikakoan. Gainontzean, berriz, Iraizoz, Iraola, Ocio eta dagoeneko gastroenteritisa erabat gainditu duen Fernando Amorebieta; Javi Martinez, Orbaiz, David Lopez, Gabilondo; Ion Velez eta Fernando Llorente izango dira El Molinon futbol-zelaian hasieratik jokatzeko abagunea izango duten beste hamar futbolariak.
Kopari begira harturiko atsedena ontzat jo zuen, esaterako, Ion Velezek. San Mamesko joaneko neurketan freskotasun larregirik gabe azaldu zen aurrelari nafarra, eta gogo onez azaldu zen atzo hedabideen aurrera, biharko puntu-puntuan egongo den ziurtasunaz.
«Entrenatzaileak azken neurketetan minutu gehien jokatu ditugunoi atsedena eman zigun igandean eta horrek mesede egin digu, azken hilabetea nahiko gogorra izan baita. Orain, berriz, partida hau noiz iritsiko gaude, kanporaketan aurrera egiteko ilusio itzela dugu eta».
Velezen esanetan, «denbora gure alde egongo da. Azkenaldian defentsan lan ona egiten ari gara, eta aurkariak golik sartuz gero, berdinketak gure aldekoak direnez, Sportingen ateari eraso egin behar diogu. Finean, beren zelaian jokatu behar dugu eta urduritasunik inork igartzekotan, beraiei dagokie hori».
«Kopak sekulako ilusioa eragiten dio talde osoari. Aurreko kanporaketan ere nabari zen eta, finalera hurbiltzen ari garelarik, are eta nabarmenagoa da», aitortu zuen Tafallakoak.
Kopako neurketarako sarrerak salgai jarriko ditu gaur Athleticek bazkideentzat. San Mamesko txarteldegietan eros daitezke, 10.30etik 13.30era eta 17.30etik 19.00etara. Pertsona eta txartel bakoitzeko gehienez bi sarrera emango dira. 50 euroan erosi ahal izango da.
Iberia Bidaiak-ek, Athleticen agentzia ofizialak, eguneko bidaia antolatu du biharko. Irteera 15.00etan izango da eta salneurria 22 eurokoa izango da, eta sarrera ziurtatzen da. Lekua gordetzeko 946 050 005 zenbakira deitu edota agentziaren bulegoan izena eman behar da.
Sporting-Athletic partidako epailea Gonzalez Vazquez jauna izango da. Galiziako elkargoko epaile honek 13 neurketatan zuzendu du talde zuri-gorria, eta horietako bitan baino ez dira garaile izan euskaldunak. Azkena, Betisen aurkako abenduaren 21eko Ligako neurketan.