GARA > Idatzia > > Kultura

Luis Berrizbeitiak 2008ko Nobel saria, «Désert», euskaratzeko, Jokin Zaitegi beka irabazi du

Jokin Zaitegi Itzulpen Sariak urtero Nobel Saria euskaratzeko dirulaguntza eskaintzen du, eta aurten Luis Berrizbeitia hautatu du, Jean-Marie Gustave Le Clézioren «Désert», «Basamortua» bilaka dezan.

GARA | GASTEIZ

Literaturako lanik esanguratsuenak euskaraz irakurtzeko aukerak bultzatzeko helburuari eutsi dio aurten ere XXII. Jokin Zaitegi Itzulpen Sariak, 2008ko Nobel saridunaren lana euskaratzeko beka ematen duenak. Iñigo Errastik, Mikel Garmendiak eta Kattalin Totorikak osaturiko epaimahaiak, aurkeztutako proiektu guztiak aztertu ostean, Luis Berrizbeitiaren lana saritzea erabaki du, atzo ezagutzera eman zutenez.

Berrizbeitiarentzat orain hasiko da lanik gogorrena. 7.500 euroko laguntza jaso ondoren, udazken hasierara artean Jean-Marie Gustave Le Clézioren lana itzultzen arituko da. Honen azken helburua, Elkar argitaletxearen eskutik 2009ko Durangoko Azokarako prest izatea da. Le Clézio Afrikan hazi eta Amerikan bizi den idazle frantsesaren eleberria «Désert» (Basamortua), Afrika iparraldeko kultura galduen handitasuna eta Europara iritsitako etorkinen nora eza erakusten dituen obra da.

Urte askoko ibilbidea duen ekimena da Arrasateko AED euskara-elkarteak antolatzen duen sariketa hau, baina 2002. urteaz geroztik Literaturako Nobel saria irabazten duen idazlearen obra itzultzea bihurtu zen helburua. Dagoeneko Imre Kertész hungariarraren «Zoririk ez» (Urtzi Urrutikoetxea) edo Harold Pinter-en «Maitalea» (Iñigo Errastik) aurki daitezke itzulitako lanen artean. Aurtengo irabazleari dagokionez, Abadiñon jaio zen 1963an eta poeta gisa da ezaguna. Bere lanen artean, «Zoperna jenerala» (1987) eta «Eremu karroinduak» (1992) nabarmendu daitezke.

Bestalde, Augustin Zubikarai Nobela Laburren Lehiaketako VIII. edizioan, epaimahaiak aurkeztu diren hiru nobelak aztertu ondoren eta horien artean behar besteko kalitatea duen lanik ez dagoela iritzita, aho batez, aurtengoan saria eman gabe uztea erabaki du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo