Mikel Aramendi Kazetaria
Hiru urte hauek, zertarako?
Mendebaldeko agintariek ez ezik «maître penseur»-ek nahiago izan zuten berehalako «onurak» lehenestea: gutxi gora behera Al Kaeda edota Talibanen kidekoak omen zirenez Epaitegi Islamdarrak, haien kalterako zen guztia ona zen nonbait Zintzoen Munduarentzat
Duela hiru urte pasa, 2006ko abenduan, etiopiar Armada indartsua, Afrikar Adarreko ejertzitorik ahaltsuena, Somalian sartu zen Epaitegi Islamdarren Batasuna deitu gerrilla nahasia erabat nagusi ez zedin. Aurreko udaz geroztik Muqdisho hiriburua islamdarren eskuetan zegoen erabat eta, Somaliland eta Puntlandeko herrialde ia independenteak alde batera utzita, Baidoa hiria bakarrik geratzen zen Trantsizio Gobernuaren izena eta, funtsean, gerra-jauntxo ezberdinen koordinakundearen izana zuenaren menpe. Abenduan, Baidoa ere islamdarren eskuetan erortzea eragoztera etorri zen etiopiarren esku hartzea. Etiopiarrei zuzenean aurre egiteko lehen eginahaletan porrot larriak pairatu ondoren, Epaitegi Islamdarren gerrillariak sakabanatu eta ezkutatu egin ziren eta, urtea amaitzerako, «lurralde osoa», hiriburua ez ezik Kismaayo ere, etiopiar Armadaren eta haren txotxongiloa baino asko gehiago ez zen Trantsizio Gobernuaren eskuetan zegoen. Itxuraz.
Ez zen, inondik ere, oso gertaera txalogarria izan, inbasio gordin eta bidegabea zelako, garbiro. Probokaziorik gabea, aginte legitimo batek eskatu gabea... Baina Mendebaldeko agintariek ez ezik «maître penseur»-ek nahiago izan zuten berehalako «onurak» lehenestea: gutxi gora behera Al Kaeda edota Talibanen kidekoak omen zirenez Epaitegi Islamdarrak, haien kalterako zen guztia ona zen nonbait Zintzoen Munduarentzat. Baita aspaldi gabe marxista-leninista zen Meles Zenawirengandik etorrita ere. Segituan berrindartzen hasi zen piratakeriak herrialde ahaltsuenen interesak zuzenean kaltetu zituenean ere, ez zuten bi gertaeren arteko lotura aipatu nahi izan, nahiz eta adituek behintzat ondotxo zekiten Epaitegi Islamdarren gorakada eta onarpen sozial ukaezinaren arrazoi nagusia, gerraren kronifikazioak erakarritako gaiztakeriei, eta bide batez piratei, aurre egiterakoan haiek zerabilten gogortasunean zetzala.
Hala ere, betiko bazter-izorratzaileok ihardetsi genuen inbasio hura bidegabea ez ezik alferrikakoa, kaltegarria izango zela. Edozertarako. Eta asmatu egin dugula esango nuke. Azeria ez delako sekula oilo zaindari ona izan.
Hiru urte hauetan, zentzuz espero zitekeena gertatu da. Gerrilla islamdarra lurraldeak eta ahalmena berreskuratuz joan da, okupatzaile etiopiarren basatikeriek eragindako gorrotoa hedatu eta Trantsizio Gobernua ezintasunean eta barne liskarretan odolustu ahala. Duela urtebete Kismaayo berreskuratu zuten, eta hilabete hauetan etiopiarren esku geratzen ziren Muqdisho eta Baidoa ez beste hegoalde osoa hartu dute. Trantsizio Gobernua erabat zirpildu da lehendakari eta lehen ministro kargu-izenak erabiltzen dituzten gerra-jauntxoen arteko borroketan.
Ekonomikoki ezinduta eta estrategikoki galduta, etiopiar armadak abenduko azken egunean amaitu zuen Muqdishotiko erretirada. Iragan igandean egin zuten ospa Baidoatik ere. Bi hirietan, gerrillari islamdarrek hartu dituzte etiopiarrek utzitako posizio guztiak, eta Trantsizio Gobernuaren hondakinak Djiboutin omen daude bilduta. 2006ko abendura itzuli da egoera, funtsean. Hiru urteko gaizkoadurarekin, zuzen esateko.