Barriola azeria marrazki bizidun bilakatuko da zinema aretoetan
Azeria nola bilakatu zen azeri -hots, maltzur eta azkar- azalduko du Juanba Berasategik zuzendutako animaziozko filmak. Otsailaren 6an Euskal Herriko aretoetan estreinatuko da euskaraz, eta Bartonek urte honetarako iragarrita dituen zazpi lanetatik lehena baino ez da izango. Film horretan, Aizkorri inguruko pertsonaia hura berpiztuko da.
Itziar AMESTOY | GASTEIZ
Aizkorri inguruan aski ezaguna da Barriola pertsonaia. Desadostasunak agertzen dira, ordea, istorioaren xehetasunetan; hala, ez dago argi Zegama ala Ataunekoa ote zen, batzuetan gizon bati buruz hitz egiten dute eta besteetan azeri bati buruz; aldian ikazkina da, aldian bidelapurra. Zailtasunak izanda ere, pertsonai honen istorioa animaziozko pelikula baten bidez azaltzea erabaki zuen Juanba Berasategi zinemagileak, Koldo Izagirrek ideia hau aurkeztu zionean.
Barriola abiapuntu hartuta, azeria azeri nola bihurtu zen azaldu nahi dutela esan du Berasategik, «maltzur nola bilakatu zen». Otsailaren 6an Bartonen eskutik estreinatuko den lan honetan Aizkorriko ikazkinei sortzen zaien arazo baten berri ematen da, Barriola maitemintzen denean Graziana deituriko oilo batez. Ezustean, gainera, Segurako alkateak lapurretak beste lur batzuetan egiteko proposatzen die eta handik aurrera ikazkinen taldean suertatzen diren abenturak ikusi ahalko dira 70 minutu irauten duen lanean. Filmaren zuzendariak azaldu duenaren arabera, «aurrekontuen aldetik oso pelikula txikia da». Bestalde, nabarmendu du bertan azaltzen den «alde soziala». Izan ere, Berasategik iragarri duenez, bidelapur horien kontuak azaltzeaz gain, garai hartako ekintzen berri ematen baitie generazio berriei, hau da, meatze eta burdinolen ingurukoak.
Euskaraz egindako lana da, hainbat hizkuntzara bikoiztua izan den arren. Gainera, estreinaren egunean bertan gaztelaniaz ere ikusteko aukera egongo da. Bere ibilbidean euskarazko lanen aldeko apustu sendoa egin du Juanbak, «ez dut euskal zinema ulertzen hizkuntzarekin lotuta ez badago», esan du. Bartonek, gainera, euskaraz ekoitzi diren beste sei lan ditu aurten estreinatzeko.
Animaziozko zinemagintzan aitzindari izan den Berasategik zinema mota honek Euskal Herrian izan duen osasun ona nabarmendu du. Orain dela urte batzuk, «Madrilen ez zen egiten eta Katalunian, adibidez, telesailak baino ez zituzten ekoizten; guk Goya eta horrelako sarietarako hautagaitzak izan ditugu beti». Zailtasunak gutxietsi gabe, egun bizi den «momentu polita» goraipatu du. Atzerako begiratu bat emanez, animaziozko zinemagintzak edukien eta teknikaren aldetik aldaketa sakon eta nabarmena izan duela azaldu du. «Ordenagailuen bidez egiteaz gain, edota 3 dimentsiotako irudiak lortzeko aukeraz gain, jendearen jarrerak ere aldatu dira eta beste irudi mota batzuk ikusteko ohitura dute», argitu du.
Aurrerapausoak aurrerapauso, geratzen diren erronkei buruz ere aritu da zuzendaria: «Marrazki bizidunak gazte eta haurrekin lotzen dira». Adibide bezala telebistako programazioa jarri du, soilik haurrak etxean egon ohi diren orduetan ematen baitira marrazki bizidunak. «Mila aldiz saiatu naiz helduentzat animaziozko lan bat egiteko finantziazioa lortzen baina ezinezkoa da». Oraingoz, «Barriola, San Adriango Azeria» lana ikusi nahi duen orok zinema aretoko ateak zabalik aurkituko ditu otsailaren 6az geroztik.
Ekoizpen atzerritarrekin lehiatzeko zailtasunak nabarmendu ditu zuzendariak. «Guk erabili dugun aurrekontu osoarekin, `Shrek' filmeko 30 segundo besterik ezin dira egin», esan du Berasategik.
Zuzendaria: Juanba Berasategi.
Gidoia: Koldo Izagirre.
Ekoizpena: Gurutze Peñalba.
Musika: Joserra Senperena.
Konposizio infografikoa eta efektuak: Eduardo Elosegi, Asier Izagirre.
Herrialdea: Euskal Herria, 2008.
Iraupena: 70 minutu.
Filmak egiteko prozesuan aurrekontuekin dauden zailtasunak nabarmendu ditu film honetako zuzendari Juanba Berasategik. «Ez nintzen mundu honetan sartu dirua lortzeko, istorioak kontatzeko baizik, eta dirua lortzeko fasea da gutxien atsegin dudana», azaldu du. Gainera, beste ekoizpenekin lehiatzeko aukera gabe geratzen dira. «Guk erabili dugun aurrekontu osoarekin `Shrek' filmeko 30 segundo besterik ezin dira egin». Hala, formula berriak bilatzea ezinbestekoa dela uste du. «Kanpora begiratu behar dugu, nazioarteko ekoizpenak eginez, aurrekontuak handitzeko aukera izan dezagun, eta maila hobetu ahal izateko». Formatu berriak saiatzeko nahia ere agertu du Berasategik.