PuntuEus Elkartea euskarari eta euskal kulturari «aterpe teknologikoa» emateko prest
Euskara Interneten bada, izan; baina izanak izena ere behar du, eta erronka horri eutsi dio PuntuEus Elkarteak, Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitateari nazioarteko aitortza emango liokeen ikurra lortzeko, .eus domeinua, hain zuzen. Hartarako kanpaina bat abiatu du, ICANN erakundeari hautagaitza aurkeztu -hark onartu behar baitu eskaera- eta herritarrek hautagaitzari beren atxikimendua eman diezaieten. Ez da erronka makala; hala ere, atzo Euskaltzaindiaren egoitzan PuntuEus Elkartea aurkeztu zuten lagunek eta Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatea osatzen duten euskalgintza, hezkuntza eta komunikazio arloetako elkarte eta erakundeek bermatzen dute ekimenak oinarri irmoak dituela.
Euskara txikia izateak ez du esan nahi nazioartean ikusezin izan behar duenik, eta Interneteko espazio birtuala gune ezin egokiagoa da haren izana nabarmentzeko. Hartarako «aterpe teknologikoa behar du». PuntuEus Elkartearen arabera, Euskal komunitatearen ikurra izan litekeenak euskal komunitatearen beraren sostengua behar du, hala nola proiektu zabal eta anitza izan. Herritarren txanda da, beraz, merezi duen ekimen horri atxikimendua emateko.