GARA > Idatzia > Kirolak > Saskibaloia

Denboraldia amaitu arte Murtziarekin jokatuko du Frederik Weisek

GARA | BILBO

ACBko Murtziak Frederic Weisen fitxatzea gauzatu zuen atzo, jokalariak Bilbao Basket taldearekin zuen kontratua eten ostean. Pibot frantsesak denboraldi amaiera arte jokatuko du bertan Paco Guillem kirol zuzendariak aditzera eman zuenez. Gainera, asteburu honetan Vive Menorcaren aurka jokatzeko prest egon liteke.

Hala ere, atzoko anekdota Bilbon bertan gertatu zen. Talde bizkaitarrak, prentsaurreko baten bidez, Weisi agurra eta omenaldia egin nahi zion komunikabideen aurrean, baina jokalariak hiritik alde egin zuela baieztatu zuten Bilbao Basketetik, eta ekitaldia atzera bota.

Omenaldia ezin zitekeela egin ikustean, talde bizkaitarrak prentsa ohar baten bidez «lau denboraldi baino gehiago egon den jokalari honek erakutsi duen profesionaltasuna» goraipatu nahi izan zuen «jendaurrean». Bestalde, Weis pibotak, «bere abentura berrian, titulu gehiago eskuratzen jarraitzeko nahia betetzea» espero du Bilbao Basketek.

Jokalariak 156 partida ofizial jokatu ditu talde bizkaitarrarekin: 145 Liga erregularrean, play-offeko bi, Kopako bi, Superkopako bi eta Eurocupeko beste bi.

Lortutako tituluen artean, azpimarratzekoak dira Limoges talde frantsesarekin lortutako Liga (2000), Korak Kopa lortzea urte berean, eta Unicajarekin lortutako ACBko bigarren postua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo