GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Rafa Rueda: «Nire burua zuhaitz oker moduan ikusten dut»

Rafa Rueda abeslari mungiarrak bere hirugarren bakarkako lana aurkeztuko du gaur gauean, 21.00etan, Donostiako Lugaritz Kultur Etxean. «Zuhaitz okerretan gora noa» diskoak aurreko lanen pop-rock estiloaren garapen naturala biribiltzen du.

Ane ARRUTI | DONOSTIA

«Zuhaitz oker guztiak arteztu daitezke. Baina okerrak ere ederrak dira». Akastun zuhaitz horiekiko elkartasunean jarri dio Rafa Ruedak «Zuhaitz okerretan gora noa» izena bere bakarkako hirugarren lanari; disko landua eta aurreko estiloaren garapen naturala jasotzen duena. Lehen aldiz autoekoizpenean murgildu da gainera, diskoetxetako eskaintzak artistentzat gero eta eskasagoak direla ikusita. «Modu honetan entzulearen eta nire arteko distantzia asko hurbildu da. Berak egindako ogia saltzen duen okina banintz bezala sentitzen naiz».

Diskoaren grabaketan musikari garrantzitsuez inguratuta egon zen Rueda. Fernando Saunders edota Jane Scarpantoni, esaterako, Lou Reed estatubatuarrarekin aritutakoak dira. Zuzenekoetan taldea guztiz aldatzen da, baina goi mailako musikariak izango ditu mungiarrak gaurko kontzertuan.

Baxuan David Gonzalez arituko da. Ruedarekin PI.L.T. taldean aritzeaz gain, talde askotan dabil, Cobran edo Pettirekin adibidez, eta aurrerantzean Berri Txarrak-eko kide berria izango da. Joseba Irazokik, «Berako faktoriako» gitarrista ezagunak, diskoan parte hartu zuen eta zuzenekoetan ere izango da. Eta azkenik, baterian Natxo Beltran arituko da, gaur egunean Bizkaian aurki daitekeen bateria jotzaile oparo eta aktiboenetakoa, Athom Rumbako partaide eta Txuma Murugarrenekin ere aritzen dena, besteak beste.

Ruedaren esanetan, «zuzenekoek ematen diote zentzua diskoari. Musikari ezberdinak izatean, kantuak beste izaera bat hartzen dute, kantuak bizirik dauden seinale da hori».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo