Administrazio arduradunek Irungo iruzurra ahalbidetu zutela salatu du LABek
«Urteetan luzatzen den» iruzurra egiteko, horretarako aukera ematen duen administrazio bat behar dela salatu zuen atzo LABek. Erantzuleei espedienteak irekitzeko eta «lapurtutako dirua» itzultzeko eskatu zuen.
GARA |
LAB sindikatuak agerraldia egin zuen atzo Irungo Ogasuneko Iruzurra hizpide hartuta. Ainhoa Etxaidek gogora ekarri zuen Gipuzkoako Batzar Nagusiek jada onartu dutela «iruzurra zuzenean burutu dutenen ondoan, erantzukizun eta arduradun politikoak» daudela.
Baieztapen hori oinarri hartuta, «Gipuzkoan burutu den lapurreta itzela egin ahal izateko, halakorik gertatzeko aukera ematen duen administrazio bat behar da, horrelakoak egiteko aukerak ematen dituen gestio eredua behar da», salatu zuen Etxaidek. Zehazki, LABen iritziz, administrazio arduradunak dira horrelako ekintzak ahalbidetzen dituztenak.
«Urteetan luzatzen den iruzurra egiteko postu jakinetan pertsona zehatzak egon behar dira», adierazi zuen Etxaidek. Horrekin batera, «kontrol mekanismoek egin behar duten lana egin ez dezaten bermatu behar da, eta, azkenik, egindakoa ezkutatu eta babestuko dela ziurtatu behar da», gaineratu zuen.
EAJren «ohiturak»
Etxaidek gogora ekarri zituen beste hainbat iruzur kasu, hala nola Guggenheim, Balenziaga museoa edota Mallabiko alkatearen kasuak. «PNV ohituta dago bere peoiak ardura nagusietan, instituzio publikoetan, enpresa pribatuetan... jartzen eta horrela sare oso bat sortzen Euskadi batzoki bat izango balitz bezala kudeatzeko».
«Iruzurra egiteko aukerak eta bitartekoak» daudela salatzeaz gain, LABek erantzukizunen beharra azpimarratu zuen, orain arte egindakoa horren aurkakoa bada ere. «Ez da inolako espedienterik ireki, ez dago kudeaketa aztertzeko inolako asmorik, eta, noski, hemen dimisioa ez du inork aurkezten», azaldu zuen Etxaidek.
Errealitate horren aurrean, iruzurraren arduradunei espedienteak irekitzeko eskatu zuen. Baita Joxe Juan Gonzalez de Txabarrik, Gipuzkoako diputatu nagusi ohiak, egun duen kargua utz dezan ere, «Pasaiako Portuan diru publiko itzela mugituko da, eta gizon hau, agerian geratu denez, ez da gai diru publikoaren erabilera behar bezala kontrolatzeko».
Diru publikoaren kudeaketa egokia aldarrikatu zuen Etxaidek, eta horretarako kudeaketa eredua aldatu behar dela adierazi zuen. Azkenik, administrazioak erantzukizunez jokatzen duela esan ahal izateko lapurtutako diru guztia itzul dezatela exijitu zuen.