EMAKUMEZKOAK
Getxo Arteak Europako Kopa izango du jokoan
J.L. | DONOSTIA
Getxo Arteako emakumezko taldea sortu zenetik, hogei urte betetzen dira asteburu honetan. Ederki ospatuko dute hori ilunabarrean, baina aurretik Europako Kopako finaleko joaneko partida jokatuko dute.
Norgehiagoka 16.00etan hasiko da, eta lehiaketa hau, Estatu Frantseseko Top 10eko iazko txapeldunak, eta Estatu espainoleko iazko Kopako txapeldunak jokatuko dute, herrialde horretan ez baita Ligarik jokatzen.
Iaz Kopa Getxok irabazi zuen, eta aurten lehen aldiz jokatu ahal izango du lehiaketa hau. Aurrez aurrez, azkeneko hiru urteetako txapelduna izango du. Ez da ahaztu behar, Estatu frantseseko Top 10en badela euskal talde bat, han ari baita, eta lan bikaina eginez, gainera, ASB Baionako taldea.
Getxok garaipena lortu nahi du, eta ahal bada emaitza on bat, itzulerakoan Katalunian txapela jantzi ahal izateko. Hala ere, lehenengo irabaztea da komeni dena, gero gauean egingo den festan ospakizuna bikaina izateko. Zoritxarrez, emakumezkoen errugbiak oraindik ez du hainbesteko indarrik. Halere, gaur bi talde handi izango dira aurrez aurre Faduran, eta ikusmina piztuko du.
Perpinya da faboritoa, astebururo joko bikaina erakusten baitute, baina bizkaitarrek ez dute horrelako zorterik, eta duten guztia eman beharko dute gaur irabazteko.