Biarritzek Ligako lehen sailkatua hartuko du
J.L. | DONOSTIA
Biarritzek Ligako lehen sailkatua hartuko du gaur, 14.30etik aurrera, Aguilera estadioan. Zuri-gorriek azkenaldian goranzko bidea hartu dutela ematen du, baina hori baieztatzeko aukera paregabea izango da gaur arratsaldean.
Stade Toulosainen aurkako partidak beti izaten dira zirraragarriak eta ikusmin handia pizten dutenak. Egoera, ordea, aldatu egin da; izan ere, azkeneko urteetan, bi talde hauek elkarren aurka jokatu izan duten bakoitzean, beti izan dute zerbait jokoan, baina aurten, iaz bezalaxe, egoera ez da bera.
Biarritzek talde handia izaten jarraitzen du, Ligako onenen artean borrokan ibiltzekoa, baina gauzak ez dira nahi bezala irteten ari, eta une honetan Heineken Kopan sartzeko txartela lortzea bihurtu da biarriztarren helburua.
Stade Toulosain, ordea, lehen postuan dago. Honen egoera ez da batere aldatu, eta aurtengo helburua ere Liga irabaztea da. Lehenengo finalerdietarako sailkatzea, eta ahal bada lehen postuan, eta gero lehiaketa irabaztea. Biarritzera garaipen bila helduko dira, eta horretan borrokatuko dira. Baina euskaldunek ere aukera ederra dute, azkenaldian erakutsi duten joko hori ez dela kasualitatea izan erakusteko, eta aspaldian asko sufritzen ari diren zaleei poztasun apur bat emateko.
Hamabostekoa erabakita du Jean Michel Gonzalezek. Honako hau izango da: Barcella, Augusat, Jhonstone, Thion, Carizza, Lund, Vahafolau, Harinordoki, Yachvili, Peyrelongue, Ngwenya, Traile, Masi, Bolakoro eta Brusque. Aulkian, berriz, Denoyelle, Bourrust, Hall, Bidabe, Trainer eta Cabannes geratuko dira.
Avironek ere ordu berean hasiko du neurketa, baina zuri-urdinak Clermonten zelaian arituko dira. Norgehiagoka zaila izango dute, baina irabazten badute, aurrerapauso handia emango dute.
Clermont une honetan sailkapeneko laugarren postuan dago, Aviron baino postu bat aurrerago. Bost puntu ko aldea ateratzen diete frantziarrek euskaldunei, eta gaur irabazten badiete, beste lau puntukoa izan daiteke.
Avironek irabazten badu, beti ere erasoko puntu gehigarria lortu gabe, lapurtarrek ez dute gaur laugarren postua eskuratuko, baina oso gertu izango lukete. Galduta,aldiz, oso atzera geratuko lirateke, eta orain ametsa dena, ia ezinezkoa bihurtuko litzateke.