Nafarroa Oinez Bartzelonan aurkeztu dute, Txikiak Handi proiektuaren baitan
GARA |
Txikiak Handi proiektuaren baitan Nafarroa Oinez-eko ordezkariak Bartzelonan izan dira aste honetan, eta bertan aurten Etxarri Aranatzeko Andra Mari Ikastolak antolatzen ari den jaiaren eta euskararen egoeraren berri eman diete hainbat erakunde eta talderi.
Bisitaren funtsa azaltzeko egindako agerraldian, Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari Pello Mariñelarenak azaldu zuenez, bi estatu eta hiru administrazioren esku izateak ezinbesteko egiten du jarrera politikoa hartzea.
Jaiari dagokionez, Andra Mari ikastolako bazkide Kristina Uzkudunek Nafarroa Oinez jaiak hiru oinarri dituela nabarmendu zuen: euskara bultzatzea, dirua biltzea eta hizkuntza txikien sarea bultzatzea.
Nafarroa Oinez-eko ordezkaritza gainera Kataluniako hainbat agintarirekin batu da, besteren artean, Kataluniako Legebiltzarreko lehendakari Ernest Benach-ekin. Honi ere ikastolen egoeraren eta jaiaren berri eman zioten.