Sokatira
Abadiñok aurreneko jardunalditik hasi nahi du aldea irabazten
J.L. | DONOSTIA
Sokatiran, Euskal Herriko Txapelketan lehen jardunaldia jokatuko da 500 eta 600 kilotan. Saioak Lesakako pilotalekuan izango dira gaur, 18.00etatik aurrera.
500 kilotan neskak arituko dira, eta hantxe izango dira Badaiotz, Beti Gazte eta Girizia. Hiru jardunalditako ligaxka izango dute, eta aurreko urteetakoari begiratuta, Badaiotz izango da irabazteko faborito garbia.
Mutilak 600 kilotan lehiatuko dira: Abadiño, Ñapurrak, Berriozar, Amaiur eta Sokarri. Pisu honetan ere hiru jardunalditako ligaxka izango dute, eta Abadiño da irabazteko faboritoa. Aurten dagoeneko txapel bat jantzi du, eta besteen gainetik dagoela erakutsi du. Lehen jardunalditik hasi nahiko du aldea irabazten.
Gaur, 16.30etik aurrera, berriz, herri kirol jaialdi erraldoia izango da Hendaian, Beltzenia pilotalekuan. Bertan kirolari bikain asko elkartuko dira. Horien artean, beren marka ezarri nahi duten bi harri-jasotzaile lapurtar. Alde batetik, Sebastien Martikorena ariko da, eta 200 kiloko harri koadroa jaso nahi du, eta, bestetik, Xabi Ostiz, honek bi minututan 10 aldiz jaso nahi du 125eko koadroa.