GARA > Idatzia > > Kirolak

Berezkoak

Agusti Waltari eta Paxkal Ezkurra dira finalerdietako ligaxkan sartzeko faborito nagusiak

J.L. | DONOSTIA

Berezkoen Buruz Buruko Txapelketak asteburu honetan izango du lehen fasearen amaiera, eta hurrengotik aurrera finalerdietako ligaxkari ekingo zaio. Gaur, 17.00etatik aurrera, Donapaleuko trinketean jokatuko dira final-laurdenetako lehenengo bi kanporaketak.

Hasteko, Waltari, egungo txapelduna, eta Etxeberri lehiatuko dira. Kubatarraren lehen partida izango da aurtengo Txapelketa honetan, eta Etxeberrirentzat bigarrena. Honek, final-zortzirenetan Dermit kanporatu zuen, inongo arazorik gabe.

Iaz ere bi pilotari hauek elkarren aurka lehiatu ziren, eta orduan ere kubatarra nagusitu zen. Gaurkoan dirua nabarmen aterako da bere alde, eta gauzak ongi joanda, irabazi egin beharko luke. Hala ere, kemen aldetik nahiko ahulak diren bi kirolari neurtuko dira; biak, markagailuan gibeletik jartzen badira, oso erraz etsitzen duten horietakoak dira, eta garrantzi handia izango du markagailuan aitzinetik jartzea, irabazteko asko izango baitu.

Sakeak bakarka garrantzi handia izaten du, eta Waltarirenak min handia egiten du. Sekulako abiadura ematen dio pilotari, eta errestoan bere pilotak itzultzea oso zaila izaten da. Etxeberrik, galtzeko ez dauka ezer, baina joan den astelehenean Donibane Garazin izan zuena baino askoz ere lan gehiago egin beharko du garaipena erdietsi nahi baldin badu.

Beste finalerdian bi urruñar arituko dira. Alde batetik, Paxkal Ezkurra eta, bestetik, Bixente Lazkano. Azken honek eman du orain arteko ezusterik handiena, iragan astelehenean kanpoan utzi baitzuen Panpi Idiart. Partida ez zen amaitu, Idiartek min hartu zuelako, baina ordurako Urruñakoa aitzinetik zen, eta partida itxuroso samarra egiten ari zen. Gaurko norgehiagokak, ordea, faborito bakarra dauka, Paxkal hain zuzen. Ezkurra gazteari irabazteko lan handia egin behar da, eta partida amaitu bitarte lanean jarraitu, berak ez baitu inoiz etsitzen. Dirua nabarmen izango da Ezkurraren alde. Hau da, gainera, egungo txapeldunordea, iaz finala jokatu baitzuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo