GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

ANALISIA | EHLG-ren kontrako epaiketa

Deiturarena, kartzelako gaia edo kartzelatzeko gaia?

Prefetak EHLGri leporatutako nahasketarik ez dela argi geratu da. Hori bezain argi, Estatuak bere egitura -Paueko Laborantza Ganbera- defendatu behar duela, batez ere, Euskal Herrikoa den beste batek itzal egiten dionean. Fiskalak berak, jarrera harrigarria izan du, lege-haustea dagoela esan arren, ez baitu zigorrik eskatu. Hitzen itzulpena ez da garrantzitsuena. Ipar Euskal Herrirako laborantza ganbera baten aldarrikapena etengabe irudikatzea da EHLG deituraren benetako zioa

p005_eg_97x148.jpg

Arantxa MANTEROLA

Ostegunean Euskal Herriko Laborantza Ganbera (EHLG) epaitu zuten Baionan. Hitz mardula baldin bada ere, epaiketa historikotzat jotzea ez da gehiegikeria, apartekotasunagatik besterik ez bada ere. Lapurdiko auzitegian sekula ikusi gabeko jendetza biltzea bederen lortu zuen. Leku ezagatik, gehienek kanpotik jarraitu zuten auzia, eta kalean interes-guneak baldin baziren ere, hitz hartzeak, epaiketaren gorabeheren azalpenak, elkartasun-adierazpenak eta abar, guztiak barruan, epaitegiko aretoan, zer gertatzen ari zen jakiteko harra zuten bueltaka.

Bada, barruko saioak luze jo zuen. Galdeketak, lekukotasunak, Paueko Ganberako abokatuen eta defentsakoen azalpenak... Makina bat hitz jaurti ziren, giro aski barean, epaimahaiburu Marie-Catherine Roberten jarrera patxadatsuari eta Anne Kayanakis fiskalarenari esker.

Normalean fiskal batek izan ohi ez duen jarrera izan zuen Kayanakisek. Euskal Herrira etorri berria zela aitortuta, epaiketa burutzeko atzerapena -ikerketa 2007an amaitu zen-, Fiskaltzaren zerbitzuaren baitan izandako gorabeheren gain hartu zuen. Gainera, auziaren muinari erabat lotuta, euskararen zirrikitukoak ezagutzeko irrikaz-edo, hiztegi eta guzti joan zen bere egitekora.

Hizkuntza erabat arrotza egiten zitzaiola onartu zuenez, seguru asko, euskal bertsogintzaren existentzia bera ere ez du ezagutuko. Alta, ohartu gabe, une batzuetan bertso-saio baten itxura hartu zuen epaiketak, batez ere, aretotik kanpo zeuden lekukoak banan-banan sarrarazi eta beren adierazpenak egin ostean, kartzelako gaia bailitzan, galdera bera egiten baitzien: «Zuk nola itzuliko zenuke `Euskal Herriko Laborantza Ganbera' frantsesera?».

Ganbera chambre esaten dela sinetsita, tematsu jarraitu zion hari horri, Jean Haritchelar euskaltzainaren azalpen eta ñabardura linguistiko guztien gainetik. Hitzaren itzulpena, ordea, ez zen garrantzitsuena. Mixel Berhokoirigoinek azaldu zuen bezala, frantsesez Laborantza Ganbera ofizialaren izena jartzen bazaio ere, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberorako berezko Ganberaren eskakizuna aldarrikatzeko zioa baitu deiturak eta, gainera, aurretik `Euskal Herriko' darama.

Frantxua Maitia kontseilariak adierazi zien bai epaimahaiari bai fiskalari berari, deitura euskara hutsean izateak desberdintzen duela Paueko Ganberatik. Beraz, ez da nahasmendurik.

Izena eta izana. EHLGko ordezkariek sarritan esan dute elkartearen izenaz harago, izana bera zela, egiaz, epaitzen zena. Ez ote dira izanaren helburua (laborantza herritar eta iraunkorra sustatzea) eta, areago, izanaren kokapena (Euskal Herrian) Estatuko ordezkari prefeta salaketa jartzera bultzatu duten arrazoi nagusiak?

Gerard Onesta Europako Parlamentuko presidenteordeak ere susmo hori azaldu zuen auzitegian. Epaileek EHLG zigortzen bazuten, «itzelezko hankasartzea» egingo zutela gaineratu zuen. «Euskal gatazkak» eragiten dituen aurreiritziei aipu eginda, bere aholkua eman zien: «Bonben biktimentzat eta baldintza ezin okerragotan -eta badakit zertaz ari naizen- dauden presoentzat eraginkor eta probetxuzko izan nahi badugu, herri hau bakebidean jartzea nahi badugu, bide baketsuak erabiltzen dituen EHLG onartu behar da. Kondenatzen baduzue, erradikalei arrazoi emanen diezue».

Paueko Ganberako bi abokatuek ere gatazka politikoa mahaigaineratu zuten, afera «erabat teknikoa» zela esaten zuten arren. Identitatea, naziotasuna eta euskal estatu baten eraikuntza bera aipatu zituzten EHLGren «ezkutuko helburutzat».

Berhokoirigoinen abokatuek kinka larrian jarri zituzten haien eta fiskalaren argumentuak. Oraindik orain, hizkuntza ofizial bakarra frantsesa dela gogoratuta, legeak elkarteen deiturak itzultzeko betebeharrik ez duela jasotzen frogatu zuten «soilik enuntziatuak frantseseratu behar dira». Sekula epaitegira iritsi behar ez zuen afera zela nabarmenduz, prefetaren «jazarpena» egin zuten liskar guztien erantzule.

EHLGk eskaintzen dituen zerbitzuez eta gauzatzen dituen ekimenez argi geratu zen nahasketarik ez dagoela bi Ganberen artean. Laborari bat bera ere ez da tronpatu batengana edo bestearengana jo duenean.

Bere hitzartze luzearen ondotik hartutako bide harrigarria ikusirik, fiskala bederen konbentzituta zela dirudi. Hain konbentzituta ere, ez zuela zigorrik eskatu: «Bai, lege-haustea izan da, baina deitura alda ezazue eta dena konponduko da» laburbildu daiteke hark esandakoa. Paueko Ganberakoek EHLG deituraren erabilera debekatzeko eta euro bat eskatua zuten aurretik kalte-ordainetan.

Zigor kodeari begiratuta, elkartearen desegitea, isuna eta kartzela zigorra ere ekar lezake lege-hauste horrek. Berhokoirigoinek, gauerdia jota, epaiketa amaitu zelarik azaldu zuen «gu zepoan harrapatzea nahi zuten, baina beren zepoan harrapatuta geratu dira». Epaileek hitza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo