GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Ezin hautatu Gobernu espainolak nahi ez duena

Gobernu espainolak, D3M hauteskunde plataformaren berri izan zuenean, haren aurka egingo zuela iragarri zuen, hura martxoaren 1eko hauteskundeetan aurkez ez zedin. Beste horrenbeste iragarri zuen Askatasuna alderdiak parte har zezakeela sumatu zuenean. Luze gabe Garzon epaileak ezker abertzaleko zortzi lagun kartzelatu zituen ETAko kide izatea egotzita, bere autoan erakunde horrekiko lotura bat bera ere agertu ez arren. Hala ere, epaile horrek hasieratik argi utzi zuen operazioa D3Mk eta Askatasunak hauteskundeetan parte hartzea eragozteko «frogak» bilatze aldera egin zutela. Atzo Gobernu espainolak Estatuaren Abokatuari D3Mren eta Askatasunaren aurka egiteko agindu zion, hartarako Polizia espainolaren eta Guardia Zibilaren txostena oinarri duela. Bestetik, Auzitegi Goren espainoleko Fiskaltzak EAEko Hauteskunde Batzordeari D3Mri eta Askatasunari buruzko datuak eskatu dizkio. Hartara, bide zibil zein penalari helduko diote, Gobernu espainolak iragarri bezala, horiek bozetara aurkeztea galarazteko. Zuzenbide estatu batean, gobernuaren eta epaileen eginbeharra ez luke izan behar horiek Batasuna edo «haren ondorengorekin» lotura dutela aldez edo moldez «frogatzea», eskubide guztien jabe diren herritarrak hauteskunde libre batzuetan hautatuak izateko eta milaka herritarrek nahi duten aukera hautatzeko eskubidea bermatzea baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo