Xabier Izaga Irakaslea
Konponbidearen aldeko zartadak
Esan zuten, bai. Gobernuaren presidenteak, ministroak eta hautagai autonomiko autonomistak. Eta dagoeneko txantxa astuna da. Ikerketa abiatu baino lehen ere, borradunen ministroak iragarri zuen halako alderdi edo hautesle plataforma ez zela hauteskundeetara aurkeztuko. Epaile batek zenbait lagun kartzelatu zituen halako alderdi edo hautesle plataforma, ministroak iragarri bezala, hauteskundeetara aurkeztea eragozteko. Eta atzo hartarako bide guztiak azkartu zituzten. Zibiletik ez bada, penaletik izango. Erabakia hartuta dago ministroak bere aho inkisitoriala zabaldu zuen unetik. Demokrazia? Zuzenbide estatua? Txiste barregarria litzateke hainbeste lagun haren graziaren ondorioz giltzapean eta 200.000 lagunen -eta berdin bakar baten- eskubideak deuseztatuta ez baleude. Baina zuzenbide literatura eta fikziozkoa kalitateagatik baino bereizterik ez dagoen honetan, ministro baten nahia epaileen auto bihurtu ohi da.
Askoz errazago lukete auzitegietako epaileek funtsezko auto bat lantzea Espainiako Erresumari Palestinaren genozidioarekiko kolaborazioa egotzita. Hartarako ez lukete indar armatuen txosten handirik behar. Froga aski ezaguna da, esate baterako, Israeli armak saltzea, Zapateroren arabera, gutxi izanda ere. Zein da lotsatzeko moduko arma kopurua? Zein auzipetzeko bestekoa?
Atzo ETAk bere sorreraren 50. urteurrena dela-eta argitara eman zuen agiriari erantzunez, EAEko PPko presidente Antonio Basagoitik esan zuen erakunde hori zartadaz baino ezin dela akabatu. PSOEren Gobernua saiatzen den moduan, alegia. Azken 50 urteetan egin duten moduan. Zartadak ETAri eta, bide batez, onartutako pentsamoldearen mugak gainditzen dituztenei. Urte horietako guztietako emaitza bistan da. Sufrimendua. Baina espainiar gobernuek bezala, horixe dute beren helburuaren hurbiltasuna sumatzeko neurgailu. Zartaden ustezko eraginkortasuna. Orain dela 20 urte, Hertzainak taldeak preso kopurua gogoratzen zuen abesti eder batean: «564»; 2009a hasi berri denean, berriz, 200 gehiago dira, 200 taupada gehiago gure bihotzean. Eta takikardia areagotuz doa.