2009an etxebizitzaren prezioak behera egingo du Ipar Euskal Herrian
Estatu frantseseko Higiezinen Agentzien Federazioko ordezkariek (FNAIM) Ipar Euskal Herriko egoera aztertu zuten atzo Baionan. Salerosketen kopurua %50 jaitsi zen 2008an, etxebizitzaren prezioarekin batera. 2009an prezioak %10 jaitsiko direla ere aurreikusten dute.
Idoia ERASO |
2008an salerosketen kopuruak erdira jaitsi baldin baziren ere, prezioak ez dira maila berean jaitsi. FNAIMeko arduradunek etxebizitzaren batez besteko prezioak 2008an %10 eta 20 arteko jaitsiera izan duela adierazi zuten atzo. Ipar Euskal Herriko hainbat tokitako agentzietako jabeek joan den urteko bigarren seihilekoa «katastrofikotzat» jo zuten.
«Hiru urtez etxebizitzaren prezioa inoiz baino gorago egon da, eta azken sei hilabeteetan duela lau urteko egoerara itzuli da», azaldu zuen FNAIMeko Zuberoako agentziako jabe Beñat Etxebestek.
Krisi egoera dela-eta, agentzietako erakustokietan dauden prezioak inoiz baino gehiago berrikus daitezkeela nabarmendu zuten Hendaiako Maitena Lamothek: «Gaur egun prezio guztiak negoziagarriak dira».
Etxebizitza berriei dagokienez, merkatuaren parte handi bat gelditu dela aipatu zuen FNAIMek, egitasmo asko bertan behera utzi dituztela aipatuz. Kostaldeko eta barnealdeko prezioen arteko ezberdintasuna berriro ere agerian gelditu zen atzokoan. Lapurdiko kostaldean eraikuntza berrietan metro karratua 4.000 eurotan saltzen zen bitartean, Maule aldean 1.000 eurotan zegoen.
Alokairuak gora
Saltzaileen artean hiru mota bereiztu zituen FNAIMeko Euskal Herriko presidente Andre Lacabek: etxebizitza saldu beharra dutenak, prezioak berriro gora egin arte itxaroten ari diren jabeak eta, azkenik, saltzeko ez, baina diru beharra duten etxe saltzaileak eta alokatzaile bilakatzen direnak. Egoera hori dela eta, alokairuaren merkatua dinamizatzen ari da. Gero eta alokatzeko etxe gehiago daude. Maitena Lamothek horrela adierazi zuen: «Aspaldiko partez alokairuaren merkatua orekaturik dago».
Federazioak, merkatua babestu nahian, krisi egoeran ere erosteko unea iritsi dela nabarmendu zuen. FNAIMeko Zuberoako partaide Beñat Etxebestek horrela adierazi zuen: «Orain arte jendeak prezioei so egiten zien, baina ez zen agentzietan sartzen. Orain atea zeharkatu eta erosteko benetako asmoa agertzen dute».
Urte hasieratik interesa berpiztu dela nabarmendu nahi izan zuten federazioko ordezkariek. Erosleak krisiarengatik beldurtuak direla eta bestalde bankuek maileguak emateko zail- tasun gehiago jartzen dituztela jo zuten salmenten jaitsieren arrazoitzat. Hala ere, egoera duela sei hilabete baino hobeto dagoela azpimarratu nahi izan zuten, batez ere bankuen maileguei dagokienez.
«Hiru urtez etxebizitzaren prezioa maila gorenean egon da, eta azken sei hilabeteetan orain dela lau urteko egoerara itzuli da», adierazi zuen FNAIMeko Zuberoako partaide Beñat Etxebestek.