GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Jokabide ekologikoa bizitzaren alderdi orotan dagoela erakusten duen azoka

p019_f02_148x84.jpg

I. E. |

Eco'vie topaketa atzo ireki zen Baionako Glaineko elkarteen etxean. Igandera bitarte, etxebizitzetarako gai ekologikoak, esaterako, isolamendu ekologikoak eta ardo eta detergente biologikoak, egongo dira ikusgai. 100 bat ekoizle eta 70 stand izango dira Landetako Vent d'Idees elkarteak antolatu azokaren lehen edizioan.

Azokak bi zati ditu. Alde batetik, eko-eraikuntza dago, non naturak eskaintzen dizkigun baliabideak aurrezteko materialak eta bide ezberdinak aurki daitezkeen. Beste esparruak bizitzaren gainerako alderdiak kontuan hartzen ditu.

Ekologian oinarrituta bizi daitekeela erakutsi nahi du azokak. Sarreran menu «bio»a 15 eurotan jan daitekeela argitzen duen kartelak kontsumitzeko bestelako moduak daudela erakusten du. Tankerako beste edozein feriatan bezala, zizka-mizka gozo eta gaziak jateko aukera ematen du. Baina ez dira ohikoak, bestelakoak baizik, Eco'vie ezberdin egiten dutenak. Norberaren garbiketarako, zein arropa garbitzeko eta etxea txukuntzeko, fruitu eta belarrekin egindako xaboi eta detergenteak egiten dituen ekoizle batek, era guztietako produktu ekologikoak eskaintzen ditu. Gure burua apaintzeko makilajea eta Alum harria baliatzen duen desodorantea ere bada, bipiltzeko balio duen harriarekin eta olio bereziekin batera.

Nagientzako bizikletek ere badute bere txokoa. Ibiltzean kargatzen den bizikleta elektrikoak ibiltzean indar gehien behar den momentuetan laguntzen dio txirrindulariari. Bestetik, opor ekologikoak aurkezten ditu Urketako Etche-zahar kanpinak.

Eko-eraikuntza

Egurrezko etxeak egitea proposatzen du Urketako Arbola enpresak, Euskal Herri osoko 15 bat lantegiren artean etxe ekologikoa egiten du. Egurra maite duenarentzat kanpoko itxura atxiki daiteke, baina harrizko betiko etxeen maitaleek ere barnetik egurra baina kanpotik betikoen gisakoa egin dezakete.

Ingurumena zaintzeko, euriaren ura berrerabiltzeko edukiontziekin batera, komuneko zein dutxako ura aurrezten laguntzen duten tresnak ere badira bertan. Gaur egungo gizartean energia gero eta baliabide preziatuagoa da, hori dela-eta, etxeetako isolamendua ahalik eta onena izan dadin, eraikinen azterketak eta proposamenak egiten dituzten enpresek toki garrantzitsua hartzen dute azokan. Energia berriztagarria sortzen duten eguzki plaka ezberdinekin batera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo