Euskarazko komunikazioa saritu du «Argia»k 90. urteurrenean ere
«Argia» astekaria ospakizunetan sartua dago bete-betean. 90 urte igaro dira «Zeruko Argia» sortu zenetik. Hainbat ekintzari hasiera emateko, euskarazko komunikazioan nabarmendu diren talde, enpresa eta profesionalei zuzendutako Argia Sariak banatu zituzten atzo.
Ane ARRUTI | LASARTE-ORIA
«Argia» astekariak euskarazko komunikazioan nabarmendu direnei euren lana saritzeko urtero antolatzen duen bazkaria ospatu zen atzo Lasarte-Oriako Txitxardin Beltxa jatetxean. Aurtengoa berezia izan zen, ordea, astekariak 90 urte bete baititu. Zailtasunak zailtasun, Xabier Letona «Argia»ko zuzenda- riak txikitasunaren handitasuna azpimarratu zuen. «Txikia eta erreferentziala, horra hor aurrera egiteko guk bilatzen ditugun klabe garrantzitsuak». Atzoko sari banaketa «Argia»k urtean zehar ospatuko dituen ekitaldien abiapuntua izan zen.
Bazkari oparo baten ostean eta «Argia»ren historia laburbiltzen duen dokumental baten emanaldiaren ondoren iritsi zen sarien unea. Interneteko alorrean, Librezale proiektuarentzat izan zen saria, besteak beste, Firefox 3 nabigatzailea euskaratu duena. «Software librearen bidez euskarari dimentsio globala eman diotelako», azpimarratu zuten «Argia»ko kideek. Prentsa idatziaren arloan berriz, Patxi Huarte izan zen irabazle, Zaldi Eroa izenez ezagunagoa dena. «Komiki zintak ere kazetaritza generoa direla erakutsi digu inork baino hobeto». Publizitate alorrean kanpaina oso bat saritu nahi izan zuten, Usurbilgo Udalaren zaborraren kudeaketarako sortutako «Margotu egunak». Kolore eta, batez ere, zapore berezia izan zuen, baita ere, aurtengo telebista ataleko sariak. «Gure herrian bizi diren etorkinen kulturak elkarrizketaren eremu intimoenetik, sukaldetik, nolakoak diren erakutsi dizkigun programarentzat» izan zen garaikurra, Urola-kostako Erlo telebistako «Gure saltsan» saioarentzat, hain zuzen. Azken boladan hain modan dagoen krisiak ere izan zuen bere tokia atzokoan, zentzu positiboenean, ordea. Irratiko Argia saria Joseba Barandiaran ekonomialariarentzat izan zen, Euskadi Irratian egiten duen lanagatik. «Munduko gaixoaldi hau ulertzea ez da erraza eta hedabideen lana ere bada hori ulertaraztea eta informazioa garbi eskaintzea», adierazi zuten astekarikoek.
Azkenengo saria eta, dudarik gabe, hunkigarriena merezimenduzko saria izan zen. «Argia»k Mikel Atxaga kazetariaren ibilbidea omendu zuen, frankismo garaitik urteetan egindako euskarazko kazetaritzagatik, Felipe Gonzalez berari ere, euskaraz galdetu ziona, besteak beste.