GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Mozorro artean, herriko jaietan murgildu dira Idiazabalen asteazkenera bitarte

Atzo eguerdian jaurti zuten Idiazabalen festen hasiera iragartzeko txupina. Mozorro eta guzti, festa giro bikaina izan zuten herrian egun osoan zehar. Arratsaldean, Gazte Asanbladak antolatutako VIII. Goitibehera Txapelketak, bai eta Igarondo pilotalekuan jokatu zen profesionalen pilota partidak ere, jende ugari bildu zuen. Gaur, ere soberan izango dira ekitaldiak.

p021_f02_199x144.jpg

GARA |

Atzo eguerdian bota zuten Idiazabalen otsailaren 4a arte ospatuko diren San Blas jaien hasiera iragartzen duen txupina. Haur, gazte zein heldu herriko plazan bildu ziren, mozorroa soinean zutela, pregoia entzun eta «axariari» ongietorria emateko.

Hala eta guztiz ere, aurreko asteburuan eta ostiral honetan bertan jai giro usaina zen herrian. Aurtengo jaietarako gainera, ohikoez gain, ekintza berriak prestatu dituztela iragarri dute bai Udalak eta baita Jai Batzordeak ere.

Arratsaldeko lauetatik aurrera bestetik, azken urteetan usadio bihurtu den Goitibehera Txapelketa egin zuten. Euskal Herri osotik inguratu ziren zaleak ikuskizunaz gozatzera, eta jende andana bildu zuen Idiazabalgo Gazte Asanbladak antolatutako VIII. Goitibehera txapelketak. Herriko pilotalekuan bestalde, profesionalen eskupilota partida izan zen Gonzalez-Barriola eta Berasaluze VIII-Beginoren artean.

Gauari hasiera emateko, berriz, Orioko Gozategi taldea arduratu zen plaza inguruan giroa alaitzeaz, eta asko izan ziren horien doinuekin batera dantzan aritu zirenak.

Gaurkoan ere, egitarau betea izango dute idiazabaldarrek, bai eta bertara inguratzen direnek ere. Eguerdi partean, herriko dantzarien erakustaldia izango dute pilotalekuan.

Bien bitartean, Arretxe elkarteko kideak herriko plazan paella prestatzen arituko dira, ondoren inguratzen diren guztien artean banatzeko. Arratsaldean berriz, danbor hotsez beteko dira herriko kaleak, 17.30etik aurrera, umeen danborrada egingo baita.

Bestetik, eztarria bustitzeko aukerarik ez da faltako, Herri Ekimenak antolaturik sagardo dastatzea egingo dute plazan.

Egunari amaiera nola eman, edo gaua nola hasi, berriz, aukeran izango da. Izan ere, herriko plazan dantzaldia egingo da Joselu Anaiak talde ezagunarekin. Ipar-Haizea rock taldeak berriz kontzertua eskainiko du pilotalekuan gaueko hamaiketatik aurrera.

Pop-rock txapelketa

Ostiralean egin zen herriko Igarondo kiroldegian III. Pop-Rock Txapelketa, Udalak antolatuta. Euskal Herri osotik bertaratutako zortzi taldek hartu zuten parte lehiaketan, nahiz eta hasiera batean hamalau taldek eman zuten izena.

Epaimahaiak irabazle izendatzen duen taldeak disko bat grabatzeko aukera izango du, eta entzuleek aukeratzen duten taldeak, berriz, kontzertua emango du Idiazabalen datorren urteko jaietan.

Iaz Milkshake talde goierritarra izan zen epaimahaiaren iritziz lehiaketako musika talderik onena. 99 puntu lortuta, beraiek eskuratu zuten sari nagusia, hots, Arkaitz Carrascok Idiazabalen duen musika estudioan diskoa grabatzeko aukera. Irabazlearengandik hiru puntura geratu ziren bestetik, Zik-Lick taldeko kideak.

Entzuleen saria berriz, Zarauzko Ipar Haizea izeneko taldeak eraman zuen, beraz, aurtengo jaietan talde horrek ere kontzertua emango du.

EGITARAU BETEA

Eguerdiko dantza ikuskizunarekin hasita, eguerdian paella-jana ere izango dute Idiazabalen. Arratsaldean, haur danborrada izango da herriko kaleetan, eta Joselu Anaiak taldearekin emango diote amaiera egunari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo