GARA > Idatzia > Iritzia > Hemeroteka

Goizeder Taberna 2009/1/26

Laborantza Ganbararen itzalean

kazeta.info

Lau haizetara zabaldu da Euskal Herriko Laborantza Ganbararen aldeko atxikimendua. Asteburu honetako haize boladen gisara, mugak, geografikoak zein politikoak, gainditu ditu Laborantza Ganbararen aldeko mezuak. (...)

Itzal mediatikoa, noski; Euskal Herriko egunkarietan batez ere, nahiz eta, frantziar hedabideetan itzal lotsati bat nabarmendu ahal izan dugun. Arlo politikoan izan duen itzala da azpimarragarriena. Kolore eta alor guzietako eragileek erakutsi dute beren posizioa.

Jakina, abertzaleek beren babesa eman diote elkarteari eta horren presidente den Berhokoirigoieni, lurraldetasunaren eta nazio eraikuntzaren izenean. Noski, laborariek eta ingurumenaren aldeko elkarte edota alderdiek eman diote sustengua, laborantza iraunkorraren izenean. Segurki, elkarte anitzek elkarteen askatasunaren urraketa salatu dute.

Orotarat, 7.000 pertsonak baino gehiagok izenpetu dute sustengu testua. Tartean 677 hautetsik, 234 auzapez-orde, 89 auzapez, hamaika kontseilari nagusi, 3 eskualdeko kontseilari eta senatari bat daude, Euskal Herriko ordezkari politikoak baizik ez badira kontuan hartzen. Hots, Ipar Euskal Herriko gehiengo osoak babestu du Ainhiza-Monjeloseko elkartea.

Posizio hartze masibo horren aitzinean, zaila izan da anitzentzat Laborantza Ganbararen kontra izatea edo isilik egotea. Politikoki zuzena bilakatu da auzi horren kontra izatea. Edo, gaizki ikusia litzateke Euskal Herriko Laborantza Ganbararen jarduera salatzea. Paueko laborantza Ganbara eta prefeta baizik ez dira ausartu. Beste inor ez. Ez UMPk Euskal Herrian duen arduradunak, ez eta Bordaletik Euskal Herria hain ttipi ikusten duen Akitaniako erregioko presidentak ere ez dute elkarte horren kontra ezer ez esan. Sustengu masibo horren aitzinean ezin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo