PATAGONIA Eskaladak
Norvegiarrekin eskuzabala izan da Patagonia
Marius Olsonek eta Bjorn Aartunek osatutako sokadak bide berri bat zabaldu du Poincenot orratzean: Hvit Linje (85º/90º, WI6, 600 m). Aartunek ere hainbat errepika egiteko aukera izan du.
Andoni ARABAOLAZA
Duela bost urte Patagoniako erpinetara joandako lagun bat oraindik madarikatzen ari da orrialde honetako protagonistek izan duten «zorteagatik». Ez dugu ez deskubrituko inguru hark bere baitan jasotzen dituen aurpegi ezberdinak. Soilik honako leloa gogora dezakegu: «dena ala ezer ez».
Gure lagunari zoritxarreko aurpegia egokitu zitzaion. Hilabete osoa Chaltenen pasa, eta soilik El Mocho orratzean saio bat egiteko aukera izan zuen. Marius Olsonek eta, batez ere, Bjorn Aartunek, berriz, alde emankorra ezagutu dute aurtengo bidaian. Eta hori guztia erabat argi geratzeko, norvegiarrek eginiko eskalada saioak aipatuko ditugu: bost bide igo dituzte eta berri bat zabaldu dute.
Bildumari dagokionez, bi eskalatzaileok igoera ederrak egin dituzte. Adibide gisa, sokada Cerro Stanhardteko Exocet bidea aukeratu eta errepikatu zuten. 1988ko marra da (800 m), Bridwell eta enparauek sortutakoa, eta VI, WI6 zailtasunekin. El Mochon, berriz, Piolaren Benitiers marra eskalatu zuten: 500 m, 6c.
Bi bide horiek elkarrekin sinatu zituzten, baina, Olson etxeratu ondoren, Aartun beste eskalatzaile batzuekin beste erpin batzuetan izan zen. Fitz Royn Supercanaleta bidea (1.600 m, ED-) Ramiro Greco argentinarrarekin igo zuen. Sokakide berarekin, baina Mermoz orratzean, Vela y Viento marra teknikoa (650 m, 7b+) poltsikoratu zuten. Albert eta Arnold alemaniarrek zabaldutakoa da, ekialdeko aurpegiko erdiko pilare dotoretik, eta 120 bat espit ditu. Eskalada honetan Aartunek kritika batzuk egin dizkie alemaniarrei; izan ere, artesi perfektu haietako hainbat puntutan espitak jartzeagatik.
Errepikapen bildumarekin amaitzeko, Aartun Cullen Yirk estatubatuarrarekin Cerro Torrera abiatu zen, eta han sokada honek mendebaldeko aurpegiko Ragnikoen bidea (1.200 m, ED, WI6) igo zuen. Hori bai, oso azkar: 15 ordutan. «Eguraldi bikaina izan genuen, eta, horretaz gain, gailurreko elur-onddoaren bidea zabalik geneukan. Hori dela eta, oso azkar igotzeko aukera izan genuen. Gainera, gailurrean bertan bibaka egiteko aukera izan genuen».
Bide berria
Ezohiko «mozkorraldi» hau batez ere abenduko lehen hamabostaldian izan zen. Eguraldiarekin erabateko zortea izan zuten, eta, aipatu bezala, ondo baino hobeto aprobetxatu zuten. Aartunek Olsonekin zein beste kide batzuekin eginiko bildumaz gain, norvegiarren eskaladei benetako ginga jarri ziona Poincenot orratzean zabaldutako bidea izan zen.
Eskalatzaileok erpinaren eki aldeko isurialdean dagoen izotz pareta edo serac-a aukeratu zuten. Esku artean arrazoi bat baino gehiago zuten. Batetik, eskalatzaile askoren begiradak jasotzen ditu. Bestetik, ederra da. Hirugarrenik, babesean dago; hots, haizete gogorren astinduak saihesten ditu. Eta azkenik, aukera ederra eman zuelako bide berri bat sortzeko. Hori bai, jakina, serac batek bere baitan jasotzen dituen arriskuak kontuan hartuta.
Azaroaren 25a zen, erabat izoztuta dagoen murru horretatik zuzen-zuzen igo zirenean. Guztira, 600 metroko marra berria, eta WI6 (85º-90º) zailtasunekin. Oso marra ederra egin dute, tentea baino tenteagoa, gogorra... Finean, Patagoniatik pasatzen diren alpinista askoren ametsa: izotzezko bide ikusgarria.
Hvit Linje izena jarri diote, eta Aartunek dioen bezala, berriro ere eguraldiarekin zortea izan zuten: «Aitortu behar dut ondo baino hobeto aprobetxatu genuela geure aukera. Eguraldi ona iragartzen zuten, oso leiho txikia baina ona. Uste dut egun horretan eskalatzera abiatu zen sokada bakarra izan ginela. Bagenekien pareta hori babesean zegoela, eta eguraldi kaskarrarekin eskala genezakeela».
Hala ere, jakin bazekiten non eskalatzen ari ziren; hots serac baten erditik. Horrek arriskuak ditu, eta, jakina, norvegiarrek ezusteko bat baino gehiago izan zituzten: «Oso serac beldurgarria dirudi, baina ez da hainbesterako. Baina, hori bai, espero genuen bezala, izotz puska erraldoiak, tona handikoak, gure ondotik erori ziren. Glaziarraren kontra jo ondoren, zarata beldurgarria sortzen zuten».
Marius Olsonek eta Bjorn Aartunek Poincenot orratzean zabalduriko bide berriaren izena da. Patagoniatik pasatzen diren alpinista askoren ametsa egia bihurtzea erdietsi zuten joan den azaroaren 25ean.
Norvegiarrek bere esperientzia adierazi zuten izotzezko horman gora. «Espero bezala, izotz puska erraldoiak, tona handikoak, erori ziren. Glaziarraren kontra zarata beldurgarria sortzen zuten».