Sokatira Euskal Herriko Txapelketa
Abadiñok eta Badaiotzek ez diete gainerako taldeei aukerarik eman
J.L. | DONOSTIA
Abadiñok, mutiletan, eta Badaiotzek, nesketan, erraztasun osoz irabazi dituzte 600 eta 500 kiloko lehen jardunaldiak, eta txapelak lortzeko faborito bakarrak dira, beste guztien gainetik daudela argi geratu baita.
600 kilotan bizkaitarrek erabateko nagusitasuna erakutsi zuten, eta ligaxkako lehen jardunaldia aise bereganatu zuten, gainerako talde guztiei tiraldi guztiak irabazita. Bigarren Amaiur sailkatu zen, Abadiñorekin galdu, Ñapurrak eta Sokarri mendean hartu eta Berriozarrekin berdinduta.
Hirugarren sailkatu zen Berriozar. Hauek Sokarrirekin eta Amaiurrekin berdindu egin zuten, Ñapurrak-i irabazi eta Abadiñorekin galdu. Laugarren Sokarri, Berriozarri tiraldi bat irabazi, Ezpeletakoei biak, eta gainerakoekin galduta. Eta Ñapurrak taldeak denak galdu zituen. Sailkapenean Abadiño lehendabiziko tokian dago 5 punturekin; bigarren Amaiur, 4rekin; hirugarren Berriozar, 3rekin; laugarren Sokarri 2rekin, eta azkena, berriz Ñapurrak taldea geratu da, puntu bakar batekin.
Nesketan hiru talde bakarrik lehiatu ziren, eta bi itzulira jokatu zuten lehen jardunaldia. Badaiotzek irabazi zituen tiraldi guztiak. Bigarren Beti Gazte sailkatu zen Giriziari irabazi eta Badaiotzekin galduta, eta azken postuan Girizia geratu zen tiraldi guztiak galduta. Sailkapen nagusian, Badaoitz taldea dago lehen postuan, 3 punturekin, bigarren postuan Beti Gazte, 2 punturekin, eta azkena, berriz, Girizia taldea geratu da, puntu bakar batekin.