GARA > Idatzia > Kultura > Irrati-telebista

Bilbo Hiria Irratia kolokan, Kafe Antzokiaren auzia dela medio

Hedabide honek Bilboko Kafe Antzoki ezagunarekin lotura zuzena du, hori dela eta, aretoaren edukieraren inguruan sortutako arazoak kolokan jar dezake irratiaren etorkizuna, bai eta bertan egiten diren tailer eta umeentzako jarduerak zein Ondarroako Kafe Antzokia ere.

p051_f01_97x80.jpg

Ainhoa LORES | BILBO

Hamabi urte igaro dira Bilbo Hiria Irratiak, Zenbat Gara elkarteak bultzatuta, lehen pausoak eman zituenetik. Hedabidearen eguneko programazio osoa euskara hutsean izaten da. Goizean, «Ibaizabal» magazina emititzen dute, eta arratsaldean, berriz, kultura, literatura, musika eta bertsolaritzari egiten diote tartea. Bilbo Hiria Irratiak guztira 40 kolaboratzaile ditu, «gure altxorrik preziatuena», Mieltxo Monfort-ek, irratiaren koordinatzaileak, adierazi duenez.

«Komunikabide hau Kafe Antzokiaren osagarria da, bai organikoki bai finantziazioari dagokionez», esan du Monfort-ek. Izan ere, areto hau martxan jarri zuten, Bilbo aldeko euskaldunek topagune bat izateko helburuarekin, zuzeneko harremanetarako, hain justu. Baina laster txiki geratu eta hedabide baten premia zutela konturatu ziren Zenbat Gara-ko kideak. Jende askok horrelako lekuetan ibiltzeko ohiturarik ez zuela ikusita, haiengana heltzeko beste modu bat bilatu behar izan zuten, eta, hala, irratiaren aldeko apustua egin zuten.

Kafe Antzokiak arazo larri bat du orain. Udalak 420 pertsonako edukiera ezarri zion arren, elkartekoen arabera, Antzokiak askoz jende gehiago sartzeko tokia du. Auzi horrek eragin zuzena izan dezake Bilbo Hiria Irratiaren etorkizunean, defizitarioa izanik, Antzokiaren irabaziekin finantzatzen baita, beste egitasmo batzuen artean.

Edukieraren auzia gainditzeko, seigarren ate bat zabaltzea nahikoa luke Antzokiak, eta prest azaldu da konponketa egiteko. Udalak, ordea, auzokideek atseden hartzeko duten eskubidea errespetatu behar dela eta ezarritako jende kopurua ezin izango dutela handitu erantzun dio proposamen horri.

Zenbat Gara elkartekoak ez daude batere ados Udalak hartutako erabakiarekin. Izan ere, Kafe Antzokian bertan zenbait lanpostu galduko lirateke eta horrekin batera, arestian aipaturiko Bilbo Hiria Irratia, Ondarroako Kafe Antzokia eta 25 tailer, besteak beste, desagertzeko arriskuan utzi ditu. Ez hori bakarrik, bertan lan egiten duten 50 pertsonek ere lanpostua galduko lukete, arazo honi lehenbailehen irtenbide bat aurkitzen ez bazaio. «Momentu honetan erronka nahiko handia da», gaineratu du Bilboko irratiko koordinatzaileak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo