GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Igor Mera Uriarte Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko Teknikaria

Krisialdia eta gazteen emantzipazioa: beldurra gaindituz

Gizarte eragileok, gizartean zabaldutako beldurra eraldaketa sozialerako aukera bilakatu behar dugu, ikaratik ondoez politikora pasa, berau gizartearen sakoneko eraldaketa ahalbidetzeko lanabes gisa erabiliz

Krisialdiaren hilabetetako garapenaren ostean eta aurreko aste hauetan zehar ezagututako zantzu kezkagarriak ikusita, artikulu honen xedea egoera honek euskal gazteriaren emantzipazio prozesuan izan ditzakeen ondorioei buruzko analisia eta hausnarketa egitea da. Sinplekerien gainetik, lehengo eta behin, emantzipazioari buruz hitz egiten dugunean zer ulertzen dugun argitu behar dugu. Gure ikuspuntutik, aukera berdintasunean gazteen eskubide guztiak betetzea eta hiritartasun osoa eta aktiboa garatzea bermatuko duen, eta gure bizitza-proiektua modu autonomoan egitea ahalbidetuko duen prozesu bat da emantzipazioa. Beraz, arazoa enplegu eta etxebizitzara murrizten dituzten teoria eta praktiketatik harago joango litzateke, jakinda, hala ere, bi gai hauek erabat baldintzatzen dutela prozesu osoa. Baldintza ekonomiko jakin batzuek ezin baldin badute hiritartasunaren kontzeptu osoa bermatu per se, ukaezina da, era berean, gutxiengo batzuk beharrezkoak direla legeek aitortutako eskubideak gauzatu ahal izateko.

Garapen ekonomiko etengabeko ziklo luzea bizi izan dugu aurreko 15 urteetan, hauetan erabili ohi diren adierazle ekonomikoek gorakada izugarria izan dutelarik. BPGdren igoerak, burtsa-errentagarritasunak, banketxe eta enpresen etekinak... Kapitalaren pilaketa eta hedapen urte luze hauek bazterrean utzi dituzte, nola ez, beraien biktimak. Emakumeak, gazteak, etorkinak... denek ordaindu dituzte, larrutik ordaindu ere, finantza orgia horien guztien ondorioak.

Pertikarik gabe orekatu ezinean, behin-behineko lan kontratuen iheskortasunaren eta hipoteka-maileguen bizitza luzeetara atxilotuak. Azkenaldian gertatutako etekin pilaketa masiboan oinarrizko elementuak izan dira, hain zuzen, etxebizitzaren salneurrien gorakada eta lan prekarietatearen hedapena. Argiago esanda, gure soldata eskasek, gure lan baldintza kaskarrek eta gure hipoteka ordainezinek ahalbidetu dute banketea.

Parranda guztiek ajea dakarte ordainean. Oraingoan, aldiz, gozatu dutenek ez, baina kopak zerbitzatu dituztenek jasan behar izan dute biharamuna. Interes tasen igoera gogorra, eta, beraz, honen osteko mailegu kuoten igoera larriekin hasi zen ajea; bigarren fase batean bat-bateko enplegu suntsiketa ekarri digularik. Mailegu eta alokairuen ordainketei aurre egin ahal izatea prekarioak izanik zaila bazen, langabeak izanez gero, guztiz ezinezko bihurtzen da. Orain dela hilabete batzuk gurasoen etxetik alde egitea zaila baldin bazen, gaur egun, horretan pentsatze hutsak beldurra ematen du .

Gazteok bigarren mailako hiritarrak garela esatera eraman gaitu askotan gazteen eskubideen alde EGK-k 23 urteko ibilbidean eginiko lanak. Sistemak eraikitako kontsumo eta aisiaren urrezko kaiolan giltzapetuak, baldintza sozio-ekonomiko txarren aurrean gure bizi-proiektua garatzeko ordua atzeratzen genuen. Jauzi zen baina, higiezinen burbuila, jauzi ziren burdinak eta jauziarekin batean izua heldu zen. Ziurgabetasuna eta nahastea izu bilakatu dira. Lana galtzeari edo ez aurkitzeari izua, hurrengo letra ordaindu ahal ez izateari, gurasoen etxera bueltatu beharrari,...

Norabide bakarrekoak izateaz gain (kapitalaren eskuetara doazen diru eta onuren transferentziak), erakunde publikoek krisialdia geldiarazteko martxan jarritako neurriak guztiz antzuak izan dira. Ezer gutxi edo ezer ez, hobe esanda, egin da benetako biktimen egoera arintzeko. Izandako etekinak iragarri eta kreditua emateari uko egiten dieten banku eta kutxen artean interes murriztuan milaka milioi euro enkantera ateratzen dituzten bitartean, gizarte-segurantza sistemak indartzera ez da euro bakar bat ere bideratu. Jokabide hau ez da batere erakargarria 2008. urtean zehar, estatu mailan, langabezian geratu diren beste milioi bat pertsona horientzat (horien artean %70 gazteak gara). Pertsona horien gehiengo batek (%85), berritu ez diren behin-behineko kontratuak zituzten edota banaka kaleratuak izan dira, pixkanaka, zarata atera barik. Tartean, helburu bikoitza daukan estrategia batean sartuta daude administrazio eta hedabideak, beraien arreta osoa enplegua erregulatzeko espedienteetan (EEE) jarriz. Modu horretan, alde batetik, benetan gertatzen ari dena nahasiz, eta bestetik, EEEek sortzen duten beldurra disuasio-neurritzat erabiltzen (mobilizazio eta kritikak ekiditeko).

Aurrean daukagun egoerak eragile guztiei (politiko, instituzional eta sozialak) aurre egin beharreko erronkak mahaigaineratzen dizkigu. Lokatzean oinarritutako eredu ekonomiko izugarriki espekulatiboa gaindituz, Ipar Europako estatuen mailan kokatuko gaituen benetako ongizate estatu bat eraikitzerainoko bidean, handia da herri honetako erakundeek egin behar duten apustua. Gizarte eragileok, gizartean zabaldutako beldurra eraldaketa sozialerako aukera bilakatu behar dugu, ikaratik ondoez politikora pasa, berau gizartearen sakoneko eraldaketa ahalbidetzeko lanabes gisa erabiliz. EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak eta erakunde honen baitan dauden gazte eragile guztiak, eraldaketa hau lortzeko, ikuspuntu anitzetatik konprometituak gaude. Horretarako, gainera, helburu eta estrategia komunak dauzkagun eragileekin zubiak, sareak eta aliantzak sortzearen aldeko apustua egiten dugu. Krisialdia eraldaketarako aukera bilaka dezagun!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo