GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Bosgarren jardunaldiko azken partida

Aukera guztiak agortu arte, borrokan jarraitu behar

Zubietak maila bikaina erakutsi arren, ez zuen Xalaren laguntza handirik jaso, eta Bengoetxeak eta Belokik erraz irabazi zuten bigarren puntu itxaropentsua.

p039_f01_199x136.jpg

BENGOETXEA-BELOKI 22

XALA-ZUBIETA 15

Koldo AKORDARREMENTERIA | GASTEIZ

«Derrigorrezkoa zen garaipena eskuratzea, eta lortu egin dugu. Oraindik oso zail daukagu hurrengo fasera pasatzea, baina aukera matematikoak badaude, eta hori ona da». Horiek izan ziren Ruben Belokiren hitzak lehiaren ostean. Burlatarrak sekulako lana egin behar izan zuen, eta aurrean izan zuen Zubietak estu hartu zuen neurketako zati handietan. Laskurainen lekua hartu duen Etxarriko atzelariak pozik egoteko moduko neurketa egin zuen.

Hasieratik gogor hasi zen partida. Une askotan berdinduta egon ziren, eta ahalegintzen baziren ere, ezinezkoa zen tarte handiak sortzea. Lau pilotariak guztiz kontzentratuta ekin zioten lehiari, eta tanto luzeak jokatu zituzten.

Hasiera azkar eta dotore horren ostean, Xalari pattalaldi fisikoa heldu zitzaion. Lekuinekoak ezin zuen Oinatzen erritmoan jokatu, eta urduritasunak ekarri zion azelerazio horrek tanto asko huts egitera bultzatu zuen. Gorriek lehen tartea egin zuten lan erdietarako; eta 15-10 aurretik jarri zirenean, inork gutxi espero zuen urdinen aldeko erreakziorik helduko zenik.

Xalak, ostera, hauspoari buelta ematea lortu zuen eta beste nerbio batekin aritu zen handik aurrera. Oinatzi lotsagabe jokatzea erabaki zuen, eta Zubietak bikain lagundu zion atzeko koadroetatik, Belokiren eta Oinatzen artean zuloak eratuz.

16-14 emaitzak berriro ere emozio puntua jarri zion neurketari. Atzean sekulako lehia dotorea egin zuten bi atzelariek, baina aurrean Oinatzek errotik apurtu zuen emaitza. Airez konfiantza handia bilatu zuen eta bere sotamanoek min handia egin zieten aurkariei. Botez ere, bi pareta eta mozketekin baliatuz, alde batetik bestera eraman zuen Iparraldeko aurrelaria.

Modu honetan, Xala eta Laskurain matematikoki hurrengo fasera igarotzeko ia aukerarik gabe geratu dira. Baina irabazleek ere ez dute lan samurra izango. «Norgehiagoka guztiak finalak izango balira bezala jokatu beharko ditugu», esan zuen Ruben Belokik konfiantza puntu batekin.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo