Ekaitza Landetan
Haize erauntsiaren kalte «ikaragarriak»
Landes eskualdea gogorki kaltetua izan da joan den urtarrilaren 24ko ekaitzaren ondotik. Naturak bere oldartzea handizki erakutsi du bertan, eta, Molietsetik gora joanez gertakariaren aztarnak oraindik ere gordin-gordin ageri dira paisaian eta bide bazterretan.
Ainize BUTRON
Herritar guztiek daukate gogoan Landetan 1999an izandako ekaitza. Eta, eskualde hori gogorki kolpatu duen azken haize erauntsiak, berriz ere garai latz horiek gogora ekarri ditu. Pinuen herria izan da, izan ere, «urtarrilaren 24ko urakana» izendatu ekaitza gehien pairatu duen eskualdea. «Ikaragarria izan da!», nabarmendu zuen Gerard Landetako erdialdean dagoen Lit-et-Mixe herriko bizilagun batek. «Goizeko lauretan hasi da ekaitza, eta biharamunean, guztia gelditu zela ematen zuelarik, izeiak banan-banan hausten ikusi ditugu. Izugarria izan da», jarraitu zuen esanez, bere etxe pareko zuhaizti eta zuhaixken txikizioa erakusten zuen heinean.
Hitz horiek etengabe errepikatzen ikusi ditu GARAk Landetan bilduriko lekukotasunetan, eta gizonak erakustera ematen zuen irudia eskualde horren paisaia errepikakorrean gaineratu beharreko atal berri bezala agertu zitzaigun.
Astebete igaroa zela ekaitzak hondamendia ekarri zuenetik, oraindik ere gertakariaren aztarnak gordin ageri ziren Landetako paisaian. Tarnose herritik Landetan sartu, eta, Vieux Boucau arte, tarteka agertzen zen zuhaitz hautsiren batetik kanpo, kalteak gutxi nabari ziren. Baina, Landen erdialdera iritsi bezain laster, paisaiaren itxura tamalgarria zen. «Apokaliptikoa da», zioten batzuek egoera ikusterakoan.
Haizeteak itsasotik abiatu eta bere bidean zeuden zuhaitz guztiak lurrera botatzeari ekin zion, uholde baten antzera. «Beharrik ez dela udan gertatu», aipatzen zuten lekukoek, horrek eragin zezakeen kalte gehigarriak nabarmendu nahian.
Halere, begi bistan agertzen zena bera ere ez zen txikikeria. Ekaitzaren lehen lekukotasuna bide bazterretan sumatzen zen, alde guztietan enbor puskatuak ugariak baitziren. Han eta hemen, etxe zahar nahiz berri asko zuhaitzen eraginez lehertuak ikusten ziren, eta izeiak begiratzerakoan, asko eta asko bitan puskatuak edo makurtuak agertzen ziren.
Bide nagusitik irten, eta egoerak okerrera egiten zuen. Bidezidor zenbaitetan eroritako zuhaitzak biltzeko denborarik ez zuten izan. Horrela zegoen, hain zuzen ere, Lit et Mixe herria. Bi etxetako teilatu gainera eroritako enborrak han ikusten ziren, eta herrira bertaratzeko bidea ere ibiltezina zen. «Ekaitzaren biharamunean herritar guztiak elkartu dira bideak garbitzeko. Elkartasun handia izan da herritarren artean, baina, oraindik asko dago egiteko», azaldu zuen Gerard-ek.
Bazirudien Landetan neguan nagusitzen den bakartasuna haustera etorri zela ekaitza.
Molietsetik gora
Moliets et Maa herriko itsasertzean antzematen ziren ekaitzaren lehen aztarnak. Auzokoek beren etxeetan erauziriko teilak berriz ere finkatzeko lanak bukatzen zuten bitartean, Les Cigalles kanpinaren atean «Ez sartu, zuhaitzak erortzeko arriskua dago» kartel handia irakurtzen ahal zen.
Jabeak ez zuen gurekin hitz egin, ezta kalteak erakutsi nahi izan ere. Baina, bertan zegoen pizzeriako jabeak argitu zuenez, bungalow gehienak suntsituak zituen. «Jatetxeek ez dugu arazo handirik izan ez baitugu zuhaitzik gain-gainean. Baina, kanpina nahiko erasanda dago, jabeak erran digunaren arabera, berrogei bat bungalow suntsituak ditu». Handik hurbil dagoen VVF edo Le Royal egoitza turistikoak ere era berdinean kolpatuak zeuden.
Moliets et Maa herritik abiatu, eta bidean zeharkaturiko Vielle-Saint-Girons, Lit-et-Mixe edo Contis-Plage herrietan aurkitzen ziren paisaia harrigarrienak. Vielles Saint-Girons herriko Le Col Vert kanpinean buru-belarri ari ziren lanean, guztia txukuntzeko. Auzoko, adiskide eta kanpinaren bezeroak bertan ziren esku ukaldi bat emateko. «Sasoia apirilean hasten dugu. Ordurako ahal bezain ongi geratzea nahi dugu», argitu zuen Bernard Rague zuzendari teknikoak, eta garai horretan Gipuzkoako bezero asko inguratzen zaizkiela gaineratu zuen.
Eta, laguntzera etorriak zitzaienen artean donostiarrik ere bazegoen. Arantxa Asorei senarra eta bi semeekin etorria zen. «Karabana bat daukagu hemen, eta askotan etorri gara urtean zehar, asteburuak edo oporrak igarotzeko», esan zuen. Gertakariaren berri izaterakoan lehen asteburua itxaron zuten karabana zein egoeratan zegoen ikusteko, eta konponketak egiteko. Arantxaren antzera, asteburu horretan kalteak zein heinekoak ziren ikustera Landetara bidaiaturiko euskal herritarrak ugariak ziren.
«Askotan etortzen gara hona oporretara», argitu zuen Marga donostiarrak. Sei lagunekin etorria zen Vielle-Saint-Gironsera, eta hondamendiaren aurrean tristura agertu zuen. Arantxa, bestalde, karabana berriz behar den bezala finkatzen aritu zen egun osoa. «Ez dugu kalte handirik izan, baina, isurtegia hondatuta dagoela ematen du», jarraitu zuen esanez, beraiek zorte handia izan zutela nabarmenduz. Izan ere, ez zuten guztiek Donostiako familia horren zortea izan. Bertatik gertu zeuden txalet gehienak guztiz suntsituta geratu ziren. Eta, hor ere, Tarbes eta Agen herrietatik inguratutako jendea zegoen lanean, ekaitzak utzitako puskak biltzen.
«Etxea guztiz suntsituta dago, ahal dugun guztia berreskuratzen saiatzen ari gara», zioten begi bistan agertzen zitzaien paisaiaren aitzinean beren bihotz mina azalduz. «Tristagarria da!».
«Enpresek lan handia daukatenez, akanpalekura laguntzera etortzeko denborarik ez dute izan. Hamabi lagunen artean saiatzen ari gara ahal bezainbat egiten. Baina, asko dago egiteko. Berrogeita hamar bat bungalow suntsituak ditugu», argitu zuen, bestalde, zuzendari teknikoak. Halere, kanpinaren zati handi bat ez zela kaltetua izan gaineratu zuen.
Col Vert kanpinean sorturiko elkartasuna ez zen Landes osoan ikusten. Horrela, bertatik abiatu, eta, Contis-Plage arte topaturiko hainbat kanpin erabat itxita zeuden. Gehienetan zuhaitzak erortzeko arriskua zegoela-eta, ez sartzeko agindua jarria zuten sarreran. Halere, izeiak ez ziren izan Landetako ekaitzak eraso zituen elementu bakarra. Contis-Plage hondartza ertzean, izan ere, hondarrak gaina hartu zuen, eta, beste hainbat lekutan, ekaitzaz gain, uholdeak ere pairatu zituzten.
Landetan naturak bere oldartzea handizki adieraztea erabaki zuela zirudien inguru hari begiratuta. Naturaren indar horrek herritar asko beldurrarekin utzi ditu aldi luze baterako. Horrela azaldu zuen Jean-Pierre Lit-et-Mixeko karabanen zaindariak.
Urte horretan izandako ekaitzak gogorki kolpatu zuen Landes eskualdea. Duela hamar egun izandako ekaitza aipatzerakoan, gertakari hori etengabe aipatzen dute Landetako herritarrek, askoz motelagoa izan zela esateko.
asteko epea aipatu dute bertan lanean ari diren argiketariek sare osoan elektrizitatea berriz ere abiarazteko. «Baina, oso azaleko lana egiten ari gara. Guztia konpontzeko askoz luzeagoa izango da», argitu zuten.
Atzo oraindik 100 bat etxebizitza gelditzen ziren argindarrik gabe Ipar Euskal Herrian, bereziki Akamarre herrian. Prefekturatik argindar arazoak guztiz konponduak zeudela esan eta hiru egunen buruan etxe batzuk ilunpean diraute.
Landak zeharkatzea benetako amesgaiztoa bilakatu da ekaitza izan zenetik. Baiona eta Bordele arteko tren zuzena oraindik ez da berriz abian jarri, eta berez ordubete eta erdi iraun beharko lukeen bidaiak hiru ordu iraun dezake tren aldaketak direla medio.