GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Inauguratzea da kontua

Beharra, irakasle ona omen. Behar usainak behintzat burua fintzen du, nagia kendu eta imajinazioa astindu. Krisi hotsek bazterretan oihartzun egiten duten eta, batetik, bestetik eta handik ezin eta miseria kontuak iristen diren honetan, niri negozio ikaragarria jarri zait begi bistan, pare-parean.

Prestaketa behar du, ez pentsa, baina ni jada hasi naiz lanean. Bai, erosi dut soineko apaina, buruko zapia, larruzko abarka distiratsuak; hasia nahiz ilea motots dotorean biltzeko probak egiten eta, laster, dantza egiten ikastea baino ez zait faltako. Bai, lau urte pasatzerako negozio borobila izango dut hanketan. Ez dakit lehenago nola ez zaidan bururatu; sudurraren puntan jarria neukan, baina orain bi aste piztu zitzaidan argia, Onkologiko berriaren inaugurazio ekitaldian.

Oraindik ere zabaltzeko lan mordoxka behar duen eraikina zabaldu zuten goia joz: dantzariak, koktel oparoa, instituzioetako ordezkarien hizketaldiak... Bai, bukatzeko betarik gabe egin zuten jaia, orain behar zuelako, lanak amaitzean jada berandu delako. Bai, oraindik ere izango da tartean ohartu ez den galduren bat, baina hauteskunde aldian bete-betean sartuak gaude eta sasoi honetan inaugurazioak sarri, egunero izaten dira, inauguratu behar dena eginda egon ala ez.

Agintariek ez dute berebiziko lanik hartzen, ez behintzat mezuak prestatzen, guztiak paretsuak baitira: «begira zer eta zer eta zer egin dugun», «herritarrei mesede ikaragarria egingo die» eta, noski, «horrelaxe jarraituko dugu hauteskundeetan botoa ematen badiguzue», eta badaezpada norbait arretarik jarri gabe balego, berriz ere mezu garrantzitsuena, «horrelaxe jarraituko dugu hauteskundeetan botoa ematen badiguzue». Eta ekitaldi hauetan guztietan, glamour pixka bat badu behintzat, ez da falta izaten dantzariaren saioa. Ez al da negozioa?

Hauteskunde hauetan despistatuta harrapatu nau, baina segituan iritsiko dira beste batzuk, eta hurrena beste batzuk eta orduan ere izango dira inauguratzeko amaitu gabeko eraikinak, bidegorriak, estolda berriak... eta dantzariak beharko dituzte, ezta?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo