GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Josu Gotzon Landeta Irakaslea

Egia esan dutenak giltzapera emanaz

Haiek, ardiak direlakoan, beti otsoari buruz berbetan jarduten dute, baina otsoak eurak dira, jendearen aurrean ardi- larruz janzten badira ere

Batzuen izerdiakin/ besteak diru eginaz/ egia esan dutenak/ giltzapera emanaz». Benito Lertxundik behinola abestutako kantua nire belarrietan bueltaka dabil egunotan. Izan ere, Getxoko neska-mutilok Santa Ageda bezperarako entseatzen ari garen kantuetariko bat da hori, eta urtero kantu berbera entseatu arren aurten ez dator sasoi makalean, inguruko panorama politikoan ezin hobeto txertatuko baita.

Hurrengo hauteskundeetako kanpainaurrea dela-eta, hortxe dabiltza gure politikoak ekonomia gora ekonomia behera, krisialditik irteteko giltza magikoa izango balute legez. Haiek, ekonomia hobetzeko balizko urrutiko intxaurrak aginduz, gure herrian dugun arazo politikoa estali guran dabiltza. Euren aburuz, euskal herritarrok tripa asetzea ei dugu helburu bakarra, bide batez, garbitzaile eskasak kaka alfonbraren azpian gorde guran dabilen legez, Espainiako legeak gure jendearen aurka egindako erasoak eta gehiegikeriak estaliz hauek ere. Film luze honen atal berriak D3M plataforma du protagonista. Oraingoan, ostera, espainolkeriaren soinekoaz goitik behera jantzitako epaile aski ezagun horrek marka guztiak hautsi ditu, taldea hautagaitza bihurtu baino lehen kriminalizatu eta inoiz politika munduan sartzeko ahalegina zapuztu gura duelako. Zortzi lagun ausart eta zintzo kartzelara, zortzi lagun ausart eta zintzo gure jendartetik erausi guran, gure herriko bizitza publikotik Espainiako zulo beltzetara eramanez.

Eta gure politikariak, zer? Ba, beste aldera begiratuz entzungor eginez, hauteskunde kanpaina zein baino zein birtualagoa burutzen dabiltza. Francok futbola eta zezenak emanez estaltzen ei zituen politika eta ideologiaren inguruan suerta zitezkeen arazoak, eta oraingo hauek, etorkizuneko balizko ekonomia hobe baten promesak emanez, gauza bera egiten dute.

Ekonomiak, ordea, betikoen eskuetan segitzen du, langilea menpean eta loturik izanik, eta gure politiko horiek -ez dakit inoiz gureak izan ote diren- mendekotasun hori luzatu baino ez dute egingo. Haiek, ardiak direlakoan, beti otsoari buruz berbetan jarduten dute, baina otsoak eurak dira, jendearen aurrean ardi-larruz janzten badira ere. Benetako ardiak, ostera, edo kartzelan daude edo oraingoz eskubideak zapaldurik bizi dira, eta oraingoz diot, ezen nork daki egun batean jende horren aurka ere neurri errepresiboak hartuko ez ote dituzten. Eta halakorik suertatuz gero, gure politikariengandik ezin dugu salbaziorik espero, euren pribilegioak mantentzearren, edonor hiltegira eraman behar balukete ere, ez bailukete inoren alde atzamarrik ere mugituko.

Badira urte asko ezker abertzalea gure herritik erausi guran dabiltzala, baina orain arte ez dute lortu, eta nekez lortuko dute antolakuntzaz gain gure inguru hurbilean tinko eusten badiogu. Era horretan, erasoen aurrean, herriaren aldeko maitasun uhinak estatuen gorrotoa gaindituko du, eta gure inguru hurbilean zabalduz -lanean, eskoletan, auzoetan...- nork bere eremuan nazio berriaren eraikuntzari ekin ahal dio, nazio zapaltzaileen zapalkuntza eta proiektu autonomista merkeei muzin eginez. Gure izerdia, behintzat, baliozkoa den zerbaiten alde izan dadila, eta ez krisialdian sartu gaituzten enpresari eta politikarien sakelak loditzeko, betiko morrontzan mantenduko gaituzten enpresari eta politikariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo