GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Lan politikoagatik zigortuta, sei urteren ostean aske

Duela zortzi urte Haika gazte erakundeko lau kideri atzo arte iraun duen amesgaiztoa hasi zitzaien, beste askok bizi duten amesgaiztoa eta ezkerreko edozein abertzalek lan politikoa egiteagatik duen arriskua. Garikoitz Etxeberria, Garazi Biteri, Olatz Dañobeitia eta Ugaitz Elizaran preso ohiek nekez espero zezaketen beren militantzia politikoak kartzelara eraman zitzakeenik. Inork ez zuen espero, euskal independentismoaren aurkako estrategia politiko-judiziala abian jarri zutenek izan ezik. Sei urteko zigorra osorik bete ondoren, lau euskal herritar horiek 2001eko martxoan atxilotu zituen Polizia espainolak, eta 2005eko martxoan, behin-behineko espetxealdiaren epea agortuta, askatu zituzten, Jarrai, Haika eta Segiren kontrako epaiketa egiten ari ziren bitartean. Epaiketa hartan, hain zuzen, ezarri zieten sei urteko kartzela zigorra. Baina epaiketa hark berebiziko garrantzia izan zuen ezker independentistaren aurkako hurrengo epaiketen ebazpenei dagokienez, haietako lehena izan baitzen. Auzitegi Nazional espainolak Jarrai, Haika eta Segi ez zirela «erakunde terroristak» erabaki bazuen ere, 2007ko urtarrilean Auzitegi Gorenaren ebazpena, «talde terrorista» zirela zioena, «dena ETA da» teoriaren aplikazioaren aurrekari izan zen. Besteak beste NBEk salatu duen aplikazioa, «terrorismoaren» definizioa herritarren eskubideak urratzeraino zabaltzen baitu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo