GARA > Idatzia > > Kultura

Korrikak euskarara egindako «Bidaia intimoak» aurkeztu ditu

AEK erakundeak Korrikan egin ohi duenez, gure hizkuntzaren alde lan egiten duten zenbait lagun edo elkarte omenduko ditu. Aurten, modu berritzaile batean burutu nahi izan dute omenaldia, Ion Maiak zuzendu duen «Bidaia intimoak» dokumentalaren bitartez.
p041_f01_148x084.jpg

Izena ABIZENA | LEKUA

«Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira». Hori dugu aurten AEK erakundeak Korrikarako aukeratu duen leloa. Eta «Bidaia intimoak» da, atzo aurkeztu zutenez, erakundeak aurten omenduko dituenei gorazarre egiteko prestatu duen dokumentala.

Bilboko Kalderapeko kulturgunean egindako aurkezpenean, AEK dagoeneko Korrika 16. antolakuntzan buru-belarri ari dela adierazi zuen Mertxe Mugika erakundeko koordinatzaileak, aurtengo omenduen berri ematerakoan. Lasterketaren hamaseigarren edizioak, «gurera lan bila, bizimodu hobe baten bila edo bizi ahal izateko leku bila, besterik gabe, bertaratu diren milaka familiak» omenduko ditu, «Euskal Herrira heldu, euskara ikasi eta erabili, gure kulturaz gozatu, eta belaunaldiz belaunaldi gure hizkuntza transmititu» dutela eskertzeko, eredutzat hartzen dituelako antolakuntzak. Baita «belaunaldien poderioz euskara galdu» dutenen artean «euskara berreskuratzeko, ahalegin aipagarria egin duten familiak» ere.

Milaka lagun dira, beraz, aurten omenaldia jasoko dutenak, Edurne Brouard Korrikako koordinatzaileak argitu zuenez, «modu berritzaile batean». Omenaldia ez baita «azken urteetan bezala, kultur ekitaldi soila izango», eta aurten, «omenduak protagonista dituen dokumental baten estreinaldiarekin» egingo baita. «Euskaraz bizi nahi dugunon herrira etorritako», hau da, euskaldundutako «milaka lagunen ordezkari gisa hautatutako lau lagunen esperientzia» jasotzen du «Bidaia intimoak» lanak. Dokumentua gauzatzeko, Ion Maiari luzatu zion proposamena antolakuntzak, «haren familiaren ibilbideak ondo baino hobeto islatzen duelako omendutakoen izpiritua».

Orio Produkzioak ekoizlearen laguntzarekin burutu du Ion Maiak estreinakoz zuzendari lanetan aritzea ekarri dion dokumentua. Zumaiarraren hitzetan, «izenburuak berak erakusten du lau bidaiari buruzko dokumentala dela, baina geografikoak baino intimoak direla bidaiak». Bidaiariak «nola heldu diren euskarara eta zein izan den euskararen herrira irits daitezen gakoak» agertu nahian, sortzaileak garbi zuen «beraien barneko bidaia» kontatu nahi zuela, ez dagoelako «bidaia hunkigarriagorik, ezta sakonagorik ere, norberak bere barruan bizitzan zehar egiten duena baino», hori baita «integrazioaren, sentimenduen eta identitatearen bidaia». Finean, «munduan leku bat bilatzen dugu guztiok eta askotan hizkuntzak eman dezake leku hori, lau kasu hauetan gertatzen den bezala». Hori da, Maiaren aburuz, «bizitzan egin daitekeen bidaiarik luze eta hunkigarriena».

Datorren larunbatean, otsailaren 7an, 19.00etan, Bilboko Euskalduna jauregian emango dute aurrenekoz «Bidaia intimoak» dokumentala, (sarrerak 5 euro balio du), eta gero herrietako kultur etxeetara helduko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo