GARA > Idatzia > > Kultura

Kilometroak jaiak «Hirekin mundura dantzan» ikuskizuna aurkeztuko du igandean

GARA | DONOSTIA

Gipuzkoako Ikastolen Kilometroak jaia Donostian izango da aurten, datorren urriko 4an, bertako Gros auzoko Zurriola ikastolari egokitu baitzaio 2009ko antolakuntza. Eta egun handia heldu aitzin, dagoeneko prestatua dute egitarau oparoa, Donostia hurrengo hilabeteetan zehar kultur ekitaldiz josiko duena. Ekitaldi sortari datorren igandean, otsailak 8, emango diote hasiera, Victoria Eugenia antzokian, Kresala eta Aukeran itzal handiko taldeek burutuko duten «Hirekin mundura dantzan» ikuskizunarekin.

Aukeran Dantza Konpainiak «Aukeran 10 urte» ikuskizuna aurkeztuko du, hain zuzen ere, Edu Muruamendiarazek zuzentzen duen konpainia arrakastatsu honen 10 urteko ibilbide oparoaren unerik ederrenak biltzen dituena. Kresala Dantza Taldeak, berriz, berrogei urte luzeko historia du, eta bere lanaren azken emaitza eskainiko digu: «Sehaska», dantza historikoa, berpizkunde garaikoa, barrokoa eta aro modernokoa, denak batzen dituen sentimenduz beteriko ikuskizuna.

Bi ikuskizun eder hauek emanaldi bakar batean bildu dituzte, esan bezala datorren igandean, Donostiako Victoria Eugenia antzokian, iluntzeko zazpietan Donostia Kulturaren laguntzarekin eta emanaldi bakar batean eskaintzeko, dantzazale guztien gozamenerako. Sarrerak salgai dira dagoeneko Servikutxa, Telekutxa, Kutxanet eta Victoria Eugeniako txarteldegian, 10, 12 eta 15 euroko salneurrian.

Kilometroak denda

Bestalde, herrialdeko zenbait tokitan dagoeneko badira Kilometroak 09ko dendak, jantzi aukera zabalarekin. Donostian esaterako, Fermin Calbeton eta San Jeronimo kaleen artean, eta Grosen, auzoko Txofre kalean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo