Lizarribarrek zigorra bihar beteko duela-eta «benetako kezka» agertu dute senideek
Lau urtetik gora espetxeraturik eman ondoren, Estatu frantsesak bihar kanporatuko du Jon Lizarribar urnietarra. Senide, lagun eta haren abokatuak «torturatua izateko duen arriskuaz» ohartarazi dute.
Oihana LLORENTE |
Jon Lizarribar preso politikoaren senide, lagun eta abokatuak «benetako kezka» agertu zuten atzo gose greban aurkitzen den urnietar honek datozen egunetan biziko duen egoeraren aurrean. Lizarribarrek bihar beteko du Pariseko auzitegiek ezarritako espetxe zigorra eta Estatu espainolak bere aurkako eskaerarik ez duenez, aske gelditu beharko litzateke.
Haatik, Urnietako amnistiaren aldeko mugimenduaren izenean hitza hartu zuen Marilo Lasak gogoan izan zituen era honetako aurrekariak; ez baita lehen aldia euskal herritar bat Estatu frantsesetik kanporatu eta polizia espainolen esku geratzen dena. «Euskal herritar ugari Estatu frantsesetik kanporatuak, eta Polizia espainolaren eskutik atxilotuak, torturatuak, eta espetxeratuak» izan direla ozen salatu zuen Lasak.
Horiek horrela, Lizarribarrek «polizia espainol torturatzaileen atzaparretan» erortzeko duen arriskuaz ohartarazi nahi izan zuten. Kezka agertzearekin batera, gogor gaitzetsi zuten Estatu frantsesaren jokaera, Lasaren aburuz, «Parisek ongi baitaki tortura sistematikoki erabiltzen dela Estatu espainolean», eta, hala eta guztiz ere, beste euskal herritar bat polizia espainolen eskuetan lagatzeko asmoa izatea gogor salatu zuen.
Mugetara bihar
Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala ere izan zuten hizpide agerraldian, bertan argi adierazten baita «inor ezin dela jarri berari tratu txarrak jasanarazteko arriskua izan lezakeen beste inoren eskuetan».
Guardia Zibilak eta Polizia espainolak «sistematikoki eta basatiki» tortura erabiltzen dutela nabarmendu zuten Donostian egindako agerraldian eta iaz atxilotutako euskal herritarretatik 62k tortura eta tratu txarren biktima izan zirela salatu zutela gogora ekarri zuten. Tortura eta inkomunikazioa parekatu zituen Lasak, haren ustez, euskal herritarrak inkomunikatzerakoan, «torturatzeko inpunitatea osoa» baitute poliziek.
Estatu frantsesean lau urtetik gora preso dagoen Lizarribarren alde makina bat mobilizazio egiten ari dira egunotan haren sorterrian. Joan den ostiralean adibidez, 70 bat lagunek elkarretaratzea egin zuten Lizarribarri elkartasuna helarazteko. Bihar, mugetara joateko deialdia egiteaz gainera, hitzordua finkatu dute 20.00tarako, herriko plazan, Jon Lizarribarri harrera egiteko itxaropen osoarekin.
Euskal preso politioen alde, astelehenero bezala mobilizazioak izan ziren atzo hainbat herritan, hala nola Ondarroan (70 lagun), Deustun (30), Santurtzin (60), Ataunen (28), Iurretan (45), Zaldibian (20), Astigarragan (18), Otxarkoagan (21), Añorgan (8) eta Laudion (48).
Etxarri Aranatzeko bizilagunek manifestazioa egin zuten igandean Hodei Ijurkoren kontra Auzitegi Nazionalak galdegindako «neurriz kanpoko» espetxe eskaera salatzeko. Larunbatean, beste manifestazio bat izan zen Iturraman. Gazteak bihar izango du epaiketa eta 38 urteko espetxe zigorra jaso lezake, joan den martxoan, Foru Poliziak jasandako eraso bategatik. Senide eta lagunek salatu dute Ijurkorekin bai eskaerarekin, bai espetxean bizi duen egoerarekin «grinatzen» ari direla.
Jon Lizarribarrek, kanporaketa honen aurka borrokatzeko xedez 22 egun daramatza gose greban eta joan den ostiralerako 11 kilo galdu zituela jakinarazi zuen amnistiaren aldeko mugimenduak. Era berean, www.askatu.org- webgunean ikus daitekeen era, urtarrilaren 29an jakinarazi zioten bere kanporaketa muga espainiar batean izango zela, zein muga izango den zehaztu gabe. Jakinarazi eta soilik lau orduko epea eman zioten alegazioa aurkezteko, bere abokatuarekin harremanetan jartzeko astirik gabe. Lizarribarrek espetxe kanpoan uzteko galdegin eta torturatua izateko arriskuaz ohartarazteko TATen txostena eman zuen alegazio modura.