GARA > Idatzia > > Ekonomia

Sidenorrek enplegu erregulazioa eskatzeko arrazoi errealik ez duela salatu du LABek

GARA |

Sidenor enpresak aurkeztu duen enplegu erregulazioko espedientearen aurkako jarrera ofiziala egin zuen LABek, igandean Madrilen. Erregulazioak hainbat instalazioko 2.881 langileri eragiten dio, sei hilabeteko epean.

Ohar batean, Sidenorreko zuzendaritzak izan duen jarrera «harro eta aldebakarrekoa» salatu zuen LABek. Gainera, «sindikatuak egoeraren argazki erreal bat egin dezan beharrezkoak diren agiriak» ez aurkeztea izan dela hasieratik haien jarrera ziurtatu zuen.

Sindikatuak adierazi zuenez Sidenorrek oraindik ez du aurkeztu erregulazioaren beharra arrazoitzen duen agiririk. «Ez dute eskaeren poltsaren aurreikuspenik aurkeztu, ezta etenaldi garairako bideragarritasun planik ere», salatu zuen, bestalde.

LABek eskuratu duen dokumentazio publikoaren arabera, 2006. urtean enpresaren irabaziak 66 milioi eurokoak izan ziren, eta 2007an 88 milioikoak. Gainera 2008an zehar, urrira bitartean produkzioa 100%ean zela nabarmendu zuen, «milioi askoko irabaziak sortuz». Horregatik guztiagatik, «ez dago Sidenorreko erregulazio espedientea justifikatzen duen arrazoi errealik», adierazi zuen.

Era berean, Gasteizko Gobernuaren eskuduntzapean Administrazioak hasi zuen prozesua Madrileko Lan Ministeriora bideratu izana salatu zuen LABek. «Jakin nahiko genuke Confebask eta Gasteizko Gobernuak mugimendu honetan izan duten parte-hartzea. Aldaketa honen helburua da erregulazio espedientea onartu edo ukatzeko ardura berez burutu beharko litzatekeen eremutik, Lakuako Lan Saileko arduradunaren eremutik, urruntzea».

Gainerako sindikatuek izan duten jarrera ere salatu zuen LABek, «langileei borrokarako eredu bat eskaini beharrean, enpresaren helburuak bermatu dituzte beren jokaerarekin».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo