Binakako Txapelketako balantzea
Egungo txapeldunak nortzuk diren aldarrikatuz
Olaizola II.a eta Mendizabal II.a lider berriak dira. Beheko postuetan bi bikote daude oso egoera larrian.
Imanol CARRILLO | DONOSTIA
Bosgarren jardunaldiak zenbait ezuste ekarri ditu partiden emaitzetan eta, ondorioz, aldaketa nabarmena sailkapenean. Olaizola II.a eta Mendizabal II.a lidergoan dira, Titin III.aren eta Pascualen aurka 7-22 irabazi ostean. Gonzalezek eta Barriolak, aldiz, iragan astean zuten lehen postua Idiazabalen galdu zuten, Berasaluze VIII.a-Begino bikotearen aurka 22-21 galduz.
Beheko postuetan ez da aldaketa handirik gertatu. Olaizola I.ak eta Patxi Ruizek finalerdietara sailkatzeko ia aukera guztiak galdu dituzte. Horrekin batera, euren markagailuan dituzten zenbakiak ikusita (70 tanto alde eta 99 kontra), ia ezinezkoa dute txapelketan aurrera jarraitzea. Egoera berean daude momentu honetan Xala eta Zubieta (Laskurainen ordez). Postu bat behera egin dute.
Azken jardunaldiko partidek zenbait pilotariren mailarik onena erakutsi dute. Ostiraleko norgehiagokan, Irujok erakustaldi ederra eman zuen Lizarran. Patxi Ruizek jarraitzaile ugari bildu zituen bere herriko pilotalekuan, baina Aspekoek oso partida borobila egin zuten eta ez zieten aukera bakar bat ere eman aurkariei.
Txapelketako bigarren itzulerak errebantxarako beste bi partida gordetzen zituen. Titin III.ak eta Pascualek buruan jartzeko aukera galdu zuten Labriten Olaizola II.a-Mendizabal II.aren aurka. Triziokoak eta Abartzutzakoak oso bikote indartsua eduki zuten aurrean. Aimarrek eta Oierrek ikuskizun itzela eman, eta egungo txapeldunak direla aldarrikatu zuten.
Berasaluze VIII.a-Begino eta Gonzalez-Barriolaren aurkako lehian, albiste nagusia Azkaineko aurrelariaren itzulera izan zen, iragan astean bere eskuineko belauneko lesioarengatik atseden hartu ostean. Aspeko bikotea oso gertu ibili zen garaipena eskuratzeko, baina porrotarekin itzuli behar izan zuen etxera (22-21).
Bosgarren jardunaldia ixten zuen partidak itxaropena piztu zion Bengoetxea VI.ak eta Belokik osatzen duten bikoteari. Xala eta Zubietaren aurka 22-15eko emaitza lortu zuten eta seigarren postuan kokatu dira. Asegarceko aurrelaria oso fin aritu zen norgehiagokan. Aspeko atzelariak ere lan txukuna egin zuen Xalaren bizkarra zainduz.