GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Hezkuntza Ministerioak hitzartutakoa trabatzen duela salatu du Seaskak

Iaz Seaskak Ikuskaritza Akademikoarekin hitzarmena egin zuen urteroko gatazkak saihestuko lituzkeen zenbaketa sistema bat ezarriz, baina Hezkuntza Ministerioak ez duela sinatu salatu du Ikastolen Federazioak.

p018_f01_97x132.jpg

Idoia ERASO |

«Seaskaren 40. urtemuga kari, 2009. urtea besta urtea izan zedin igurikatzen genuen, baina zoritxarrez, aurreko 39 urteak bezala, borroka urtea izanen da» jakinarazi zuen Seaskako zuzendaritzak. 2008ko urtarriletik ekainera hitzarmena osatuz joan ziren Ikuskaritza Akademikoaren eta Seaskaren artean, Euskararen Erakunde Publikoaren tartekaritzarekin, eta irailean sinatu behar zuten. «Hitzarmena sortua eta onartua izan da, baina ez da sinatua izan. Ikuskaritzak atzerapausoa egin du eta berriz ere mobilizatu behar gara, urtero bezala», adierazi zuen Seaskako presidente Paxkal Indok.

Izan ere, hitzarmenaren punturik garrantzitsuenak irakasleen kopurua ezartzeko ikasleen kontaketa sistema erabakitzen du. Ikasturte hasiera guztietan hori izaten da Seaskaren borroka arrazoia. Aurten Lehen Hezkuntzaren funtzionamendu normalerako behar diren 14 lanpostu ez ditu Hezkuntza Ministerioak ordaintzen, beraz, gurasoen poltsikoetatik ateratzen da. «Bakarrik nahi dugu sistema argi bat lanpostuen kontatzeko, eta horrela hasten ahalko gara lanean. Badugu besterik egiteko, Xalbador ikastetxea berritzea, esaterako», adierazi zuen Indok.

Seaska goraldi nabarmenean dagoela nabarmendu zuen elkarteko zuzendari Hur Gorostiagak. Aurten 100 ikasle berri izan dira eta hurrengo ikasturterako beste hainbeste espero dutela nabarmendu zuen. Hala jarraituz gero, aurten 14 lanpostu ordaintzen ari badira, 2009-2010eko ikasturterako 20 izango liratekeela argitu zuen.

«Hitzarmena osatzeko sei hilabetez kontsezioak egin ditugu, eta ez gaude gehiago onartzeko prest. Irakasle eza beraien egoitzetan pagatua izanen dute zuzenean», gaineratu zuen Indok.

Hitzarmenak Bigarren Hezkuntzako irakasleen zenbaketa, ikastolen sarearen mapa erabakitzea eta ikasleen euskarazko azterketa ofizialei buruzko alderdiak ere jorratzen ditu.

Estatuko hizkuntza gutxituak

Asteburu honetan Ziburun elkartuko dira Errepublika Frantseseko Hizkuntzen Goi Institutuko ordezkari guztiak. Seaskak Estatuko beste lurraldeetan parekide diren elkarteak hartuko ditu Bretainia, Katalunia, Alsazia eta Okzitaniatik. Hiru gai ezberdin jorratuko dituzte asteburuan. Gai nagusia Estatuak hizkuntza gutxituei buruz 2009an egingo duen lege egitasmoa izango da. Federazio ezberdinen elkarlana eta azkenik prestakuntza ere aztertuko dituzte.

Bestalde, urtarrilaren 24an Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak Europa mailako Elkarte bihurtzeko hartu zuen erabakia dela-eta pozik agertu ziren.

40. urteurrena

Seaska ofizialki 1969an sortu zen eta 40 urte betetzen ditu aurten. Urteurrena kari, Ikastolen Federazioaren historian lan egin duten irakasle, guraso, langile eta pertsona guztiei omenaldia egin nahi diete, eta etorkizunera begira ere gogoeta egingo dute.

Urtean zehar hainbat ekitaldi antolatuko dira. Bereziki aipatu beharrekoak dira apirilaren 11n Biarritzeko Gare du Midin egitekoa den gaualdia, 40 urteotan ikastolak lagundu dituzten kantari guztiekin, eta antzerkia eta dantza ere bilduko dira festa giroan. Ekainaren 14an, berriz, guraso, presidente ohi eta irakasle guztiak omentzeko eguna izango dute Seaskan.

mobilizazioa

«Hitzarmena sortua eta onartua izan da, baina ez da sinatua izan. Ikuskaritzak atzerapausoa egin du eta berriz ere mobilizatu behar gara, urtero bezala», esan zuen Seaskako presidente Paxkal Indok.

ikasle gehiago

Seaska goraldi nabarmenean dagoela azpimarratu zuen elkarteko zuzendari Hur Gorostiagak. Aurten 100 ikasle berri izan dira eta hurrengo ikasturterako beste hainbeste izango direla espero dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo