GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Hautagaitza bat debekatzeko modu erraza

Azalpena ez da batere konplexua. EAEko hauteskundeak hurbil direla, hautagaitza baten kontra egitea askoz errazagoa da bertako zenbait kide auzipetuta. Hala daude bi hautagaitzatako hainbat kide dagoeneko, «erakunde armatuko kide izatea» egotzita. Erraza da azalpena, izan ere, baina ez, inondik inora, demokratikoa. Jokaera horren ondorio pertsonal, juridiko eta politiko larriei begiratu besterik ez dago: hainbat euskal herritar auzipetu -dagoeneko haietako zortzi kartzelatu- dituzte hauteskundeetara aurkeztu direlako, horixe omen baita ETAko kide diren froga. Atzo Estatuko Abokatuak eta Fiskaltzak D3M hautagaitzaren aurkako helegitea aurkeztu zuten Auzitegi Goren espainolean, eta beste horrenbeste egingo dute gaur Askatasunari dagokionez. Estatuko fiskal nagusiak azaldu zuenez, hautagaitza horietako bat «kutsatuta» dago eta bestea «Batasunaren ondorengoa» da. Eta nahiko froga omen daude: hautagaien -eskubide guztien jabe ei diren herritar horien- joera politikoa eta Estatuko poliziek erantsi nahi dituzten guztiak. Bestetik, Baltasar Garzon epaileak prestatutako bide penalari -alfonbra gorriari- ere helduko dio Fiskaltzak Auzitegi Gorenaren ebazpenaren ondoren, Conde-Pumpidok D3M eta Askatasunaren jarduna eteteko eskatuko baitio Auzitegi Nazionaleko epaile horri. Ez da, ez, konplexua. Baina are gutxiago Zuzenbidearen araberakoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo